Aginagako bandera jokoan, larunbateko estropaden festa handian

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 10a, 11:29

Atseden egunok igarota indarberrituta datoz Aginagako jaiak. Azken txanpa mugitua izango dute San Praixkuek, trainerila estropaden itzulerarekin. Arraunaren festa handia, larunbat arratsaldeko 15:30etan hasita Aginagako errioan.

Lau urteko etenaldiaren ostean, estropadak ospatuko dira berriz Aginagako jaietan. Errioa berriz ere trainerilen arteko lehia biziaren lekukoa izango da larunbat arratsaldeko 15:30etan hasita. Punta puntako taldeak espero dira Aginagan. Emakumezkoen arteko txapelketan Donostiarra, Hondarribia, Ondarroa eta Orio lehiatuko dira. Edizio borobilera, hamargarrenera heldu den gizonezkoen trainerila estropadan Donostiarra, Hondarribia, Orio, Zarautz eta... etxekoen taldea, Aginaga! 

Antolakuntzak helarazitako xehetasunen arabera, estropadak ospatzeko "eremuak 500 metro izango ditu eta 4 ziaboga egingo dituzte 2.000 metro osatuz". Estropadak "binaka jokatuko dira, erditik ibaian gorantz bat eta beherantz abiatuko da bestea".

Etxekoentzat izango al da Aginagako bandera? Estropaden egun handia Aginagako festetako azkena izango da; Gaupasa Eguna. Liher, Enkore, Usurbilgo Larrian Gozo eta DJak iragarri ditu Jai Batzordeak azken parranda gauerako. Goizez zein arratsaldez, haurrentzako ekitaldiak izango dira. Eta afalaurrea girotzeko elektrotxaranga:

AGINAGAKO JAIAK                     

Urriak 12, larunbata: Gaupasa Eguna
12:00 Serigrafia tailerra, “Zatzaizkit”-eko Beñat Iraolaren eskutik.
13:00 II.Tiratxinas jaurtiketa txapelketa.
15:30 Trainerila estropadak errioan: Gizonezkoen X. eta Emakumezkoen IV. ikurrinak. Euskotren Ligako neskak eta Euskolabel Ligako mutilak izango dira hurrenez hurren, etxeko trainerila anfitrioi delarik!
18:00 Eriz Magoaren “Auskalo” saioa.
19:00 Elektrotxaranga plazan zehar: Joselontxos.
23:30 Kontzertuak frontoian: Liher eta Enkore.
Ondoren, erromeria: Larrian Gozo.
04:00 DJak Eliza Zaharrean eta karpan.
07:30 Errefus-bilketa!

Oharrak:
-Aginagako Jai Batzordea ez da arduratzen egun hauetan gerta daitezkeen ezbeharrez.
-Usurbilgo Udalak babesturiko festak direnez, ardura zibilaren aseguru poliza ere Udalak bereganatzen du.
-Eskerrik asko Orioko Arraun Elkarteari, estropaden antolaketan laguntzeagatik.

Antolatzailea: Aginagako Jai Batzordea.