Sexu erasoen aurkako protokoloa indartu du Aginagako Jai Batzordeak

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 12a, 10:46

Iazkoan oinarritua, aurtengoan kontagailu bat jarriko dute Eliza Zaharrean. Erasoak ez isiltzeko deia egin dute Aginagako Jai Batzordetik.

San Praixkuen antolatzaileek argi diote; “Aginagako Jai batzordeak ez du inolako indarkeria egoera edota jarrera sexistarik onartuko! Hori helburu, inguruan jazotako eraso oro salatzeko deia egiten dugu”.

Iazko jaietarako landutako protokoloan oinarritu dute aurtengoa. Berrikuntzak txertatu dituzte ordea. Usurbilgo jaietan egin zen bezala, “kontagailu bat izango dugu Eliza zaharrean erasoak zenbatzeko”. Erasoak ez isiltzeko deia luzatu dute Jai Batzordetik. “Txosnetako arduradunengana edota barraz kanpoko besoko moredunengana jo zalantzarik egin gabe, ez isildu! Ez dezagun erantzunik gabeko, erasorik onartu! Jai parekide eta osasuntsuen alde, gora borroka feminista!”.

Protokoloaren ardatzak
Erasoren bat ikusiz gero, erasotuarengana jo eta laguntza behar duen galdetu. Hala bada besoko morea dutenengana jo edo txosnara gerturatu. Eraso baten berri ematen bada:
1-Salaketa jasotzen duenak egiten ari dena utzi eta erasotuari kasu egin.
2-Arretaz entzun (azalpenak, beharrak…) eta ez jarri zalantzan egoera.
3-Leku fisiko seguru bat bermatu, entzun, lasaitu…
4-Erasoa identifikatu eta zehaztu.
5-Erantzuna eman: erasotzailearekin hitz egin eta argi azaldu ez dela halako jarrerarik onartuko: gunetik kanporatu! Erasoaren berri eman inguruan (ahoz aho, mikroz…). Morborik ez, erasotuarekiko errespetuz!
Salaketak bideratzeko telefono zenbakia: 629 61 56 09.