2020ko udal aurrekontuak aurkezteko azken bilerak gaur Aginagan eta Munalurran

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 20a, 12:53

Udal gobernu taldeak Kaxkoan hasitako bira asteazken honetan (azaroak 20), amaituko du. Aginagan eta Munalurran aurkeztuko ditu 19:00etan 2020ko udal aurrekontuak; Aginagako saioa ludotekan egingo da, Munalurrakoa Eguzki elkartean.

Kaxkoan, Zubietan, Kalezarren, Txokoalden eta Santuenean egindako bilera irekien ondotik 2020ko udal aurrekontuak aurkezteko azken saioak iragarri ditu asteazken honetarako (azaroak 20) udal gobernu taldeak. Urte berrirako aurrekontuen zirriborroa aurkeztearekin batera, herritarren iritzi nahiz proposamenak biltzeko baliatuko dute saioa. "Parte hartu eta egin zure ekarpena!", luzatu du gonbita udal gobernu taldeak.

Hilaren 28ko osoko bilkurara
Aurreko urteen ildotik, lehenbizi herritar nahiz eragileei aurkeztu eta haien guztien ekarpenez hornitu nahi ditu udal gobernu taldeak landuak dituen 2020ko aurrekontuak. Eragile nahiz herritarren ekarpen guztiok batuta, aldaketarik ez bada, hilaren 22an Ogasun Batzordeak diktaminatu, eta abenduan ez, aurten azaroaren 28an egokituko litzatekeen osoko bilkuran hasieraz onartzea bozkatuko du udalbatzak. 

12,3 milioi euro 
Landu dituzten aurrekontuen arabera, Usurbilek 12,3 milioi euro izango ditu 2020ko egitasmo ezberdinak bideratu eta herri honek dituen erronkei heltzeko. Lau multzo handietan sailkatu ditu udal gobernu taldeak urte berrirako diru partidak: herri jasangarria (3,2 milioi euro),  ongizartea (2,1 milioi euro), herri nortasuna (1,9 milioi euro) eta udala herriaren zerbitzura (4,9 milioi euro). Aurrekontuotatik guztira, 1,7 milioi euro bideratuko dituzte inbertsioetara. 

2020ko UDAL AURREKONTUAK AURKEZTEKO BILERA SORTA
Azaroak 20, asteazkena
19:00 Aginagako aurkezpena ludotekan.
19:00 Munalurrako aurkezpena Eguzki elkartean.

Deitzailea: Usurbilgo Udala.