Munduan barrena dabilen "Oreina" Marseillan saritua

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 28a, 09:29

Marseillako "Cine Horizontes" jaialdiko epaimahaiaren aipamen berezia jaso du Koldo Almandozek 2017ko udazkenean Aginagan grabaturiko filmak. Munduan barrena dabil "Oreina", baita ekoiztetxe bereko, Txintxua Films-en "Dantza" ere. Gogoan izan bestalde, azaroaren 8an estreinatu zela zinemetan, urte hasieran Txokoaldeko Torrea eraikinean grabatzen aritu ziren "Ventajas de viajar en tren" eta laster ikusi ahalko dugu Rikardo Arregiri buruzko filma ere. Abuztuan frontoi atzean sekuentzia batzuk grabatu zituzten.  



"Oreina" munduan barrena
Duela bi urte errioaren bueltan Aginagan nahiz Usurbilen Koldo Almandozek grabaturiko "Oreina" munduan barrena hedatzen ari dira. Berriki, Marseillan ospatu den "Cine Horizontes" jaialdian epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuen filmak. Asteburuan gainera, Berlineko "Baskisches Film Festivalen" parte hartu zuen. Baina urrunago ere joan da; Rabaten (Maroko) Uruguain, Txilen, Edinburgon, Nantesen, Erroman, Frantziako Tolosan.... proiektatu da. Egunotan, Brasilen eta Sardiniako zine jaialdi banatan eskainiko dute.

Egunotako Marseillako aipamen bereziaz gain, urte hasieran Feroz sarietarako hautagaien artean izan zen "Oreina", eta 2018ko Donostiako Zinemaldian Euskal Zineko Irizar saria jaso zuen. 



"Dantza" batean
Iazko abenduan estreinaturiko filma abuztuaren 20an eskaini zuten lehen aldiz Ipar Euskal Herrian, Baionan. "Oreina" bezala, Marseillako "Cine Horizontes" zine jaialdian ere proiektatu berri dute. Argentinan eta Txilen barrena ere eskaini da "Dantza". Euskadiko zine-aretoen elkartearen saria jaso zuen irailean Donostiako Zinemaldian. Pelikularen arrakasta, kalitate handia eta originaltasuna aintzat zituzten saria ematerakoan, baita euskal folklorea eta zinea mundu osoan aurkeztu izana ere. Gogoan izan, besteak beste, Usurbilgo Orbeldi Dantza Taldeak parte hartu zuen Telmo Esnalek zuzenduriko film honetan. 



Rikardo Arregiri buruzko filma laster
Maluta Films ekoiztetxeak udan kazetari ezagunaren bizitzaren inguruko zenbait pasarte Usurbilen, frontoi atzealdeko Remigio Mendibururen Udarregi bertsolariaren omenezko eskultura parean grabatzen aritu ziren. Gogoan izan, 1966ko maiatzaren 22an, Udarregiren omenezko eskulturaren inaugurazio ekitaldian, Rikardo Arregi kazetariak hitzaldi gogoangarria eskaini zuen Usurbilen. Filma laster ikusteko moduan izango gara.


"Ventajas de viajar en tren"
Urtarrila amaieran Txokoaldeko Torrea eraikinean, baita Gipuzkoako eta Nafarroako beste txoko batzuetan aritu ziren grabatzen. Antonio Orejudoren izen bereko liburuan oinarritua dago, Aritz Moreno (Donostia, 1980). Morenoren lehenengo luzemetraia azaroaren 8az geroztik zinemetan ikusgai dago, Sitgeseko zine jaialdiko sail ofizialean lehiatu ostean. Luis Tosar, Pilar Castro, Ernesto Alterio, Quim Gutierrez, Belen Cuesta, Macarena Garcia, Javier Botet, Javier Godino, Gilbert Melki, Ramon Barea, Antonio de la Torre, Ingrid Garcia Jonsson, Daniel Horvath aktoreek parte hartu dute intrigazko film honetan.