Miriam Arrillaga Beloki, Emakume Master Cup-en 4 t´erdiko txapelketako finalean

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 2a, 11:32
Miriam Arrillaga Beloki, Patri Espinarrekin martxoan jokatu zuen Emakume Master Cup txapelketako finalean.

Final handi baten atarian da berriz Miriam Arrillaga Beloki gaztea. Emakume Master Cup txapelketako 4 t´erdiko eskuz banakako azken neurketa nagusia jokatuko du abenduaren 15ean Barakaldon. Bidaniako Miren Larrarterekin lehiatuko da.

Bi final handi jokatuko dira abenduaren 15eako hitzorduan. Pilota goxua modalitatekoa eta pilota mixtokoa. Mixtoko finalerako dago sailkatua Miriam Arrillaga Beloki.  "Gipuzkoarren arteko dema, Miriam Arrillaga/ Miren Larrarte, pilota mixtoarekin, eta bizkaitarren artekoa, Patri Espinar /Leire Etxaniz, pilota goxoarekin, izango dira hilaren 15ean Barakaldon jokatuko diren Lau eta Erdiko LABORAL KUTXA EMAKUME MASTER CUP txapelketaren lehen mailako final handiak", iragarri du antolakuntzak.

Hala geratu da erabakia, igandean Galdakaon jokatu ziren finalaurrekoetan. "Bezperan Otxandion bezala, giro aparta egon da Kurtzea frontoiko harmailetan eta bertan bildu diren pilotazaleek gaur eguneko eskuzko emakume pilotaririk onenekin gozatu ahal izan dute goi mailako lau partida oso desberdinekin", adierazi dute Emakume Master Cup txapelketako ordezkariek. 

Estreinakoz berrikuntza gisa antolatu da piloa mixtoko txapelketa. "gipuzkoarren eta klub berean aritzen diren bi pilotarien dema izango da Barakaldoko lehen final hau; Aginagako MIriam Larrarte eta Bidaniako Miren Larrateren artekoa".

Miriam final handirako sailkatu da, atzo Gasteizko Leire Garairi 18-5 irabazi ostean. "Miriam Arrillagak uste baino errazago gainditu du Leire Garai arabarra, 5-18, historia gutxiko partidan. Sakea izan du aginagarrak bere armarik eraginkorrenetako bat. Epailearen txapak lehen sakea eman dio gipuzkoarrari eta, normalean atzelari bezala jokatzen duen arren, bikain asmatu du lehen pilotakadarekin. 5-0ekoan hiru egina zituen sakearekin Arrillagak eta partida amaierarako 8 ere egin ditu. Kolpean ere alde nabarmena egon da, Leire Garaik ez du partida aurrean nahasten asmatu eta azkar xamar ihes egin dio eskuetatik, 11-0 aurreratu da aurrelari urdina eta saiatu den arren, arabarrak apenas jarri ahal izan dio oztoporik finalerako bidean".

EMAKUME MASTER CUP TXAPELKETAKO 4 T´ERDIKO ESKUZ BANAKAKO FINAL HANDIA (PILOTA GOXUA ETA MIXTOA)
Eguna: abenduak 15, igandea.
Ordua: 12:00.
Tokia: Barakaldes pilotalekua.
Neurketak:
-Pilota mixtoa: Miren Larrarte (Bidania)-Miriam Arrillaga (Aginaga).
-Pilota goxua: Patri Espinar (Usansolo)-Leire Etxaniz (Etxebarria).
Oharra: neurketok zuzenean eskainiko ditu Euskal Telebistak.