Udalbatzarra

Aginagako ur zikinak saneamendu sarera batzeko urrats berria

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 5a, 12:04

Uren saneamendu sarean txertatzeko falta den zonalde bakarra da Aginaga aldea. Ur zikinak Oriatik Loiolako araztegira desbideratzeko urrats berri bat eman zuen udalbatzak iragan asteko osoko bilkuran; saneamendu obra hauen goi- eta behe-sistemak zehazteko Udala eta Añarbe Uren Mankomunitatearen arteko hitzarmena sinatzea onartu zuen.

Duela urte gutxira arte, herrian sortze genituen ur zikinak erriora isurtzen ziren. Duela urte batzuetatik ordea, azpiegitura ezberdinei esker, ur zikinok Loiolako araztegira desbideratzen dira. Egun, Aginaga ingurua da, herrian dugun saneamendu sare horretara batzea falta den zonalde bakarra. Lanok bideratzera doaz Udala eta Añarbe Uren Mankomunitatea. Saneamendu obra hauen goi- eta behe-sistemak zehazteko bi erakundeon hitzarmena sinatzea bozkatu eta onartu zuen udalbatzak azaroaren 28ko osoko bilkuran; alde agertu zen EHBildu. EAJ eta PSE abstenitu ziren. Proiektua erabat gauzatu arte indarrean izango da hitzarmena. Hiru fasetan gauzatuko dira lanak.

Urte hasieran ezagutu zen erabakia
Añarbe Mankomunitateak 2010erako inbertsio-planetan jada aurreikusten zuen proiektuetako bat gauzatze bidean dela berri eman zuen Usurbilgo Udalak ohar bidez joan den otsailean. Ur zikinen gaiari buruz ari gara. Gogoan izan, azken urteotan egindako obrei esker, 2016az geroztik Usurbilgo ur zikin gehienak kolektore bidez Loiolako araztegira bideratzen direla, eta ordura arte egiten zen moduan, erriora. Ur zikinen saneamendu sare horretatik kanpo geratu ziren ordea, Txokoalde-Aginaga inguruak, baita Zubietako zenbait zonalde ere.

Zubietakoei konponbidea 2017ko udaberrian, Aliri zubiaren ondoan inauguratu zuten hondakin-uren ponpatze estazio berriarekin eman zitzaien. Ordutik ordea, Aginaga-Txokoaldeko ur zikinak saneamendu sarera batzea falta zen. Zonalde honetako ur zikinak erriotik desbideratzea aspalditik eskatua zion Udalak Añarbeko Uren Mankomunitateari. Orain, “Usurbilgo udal-gobernuak, beste udal-ordezkari batzuekin batera, egindako lan eta presioaren ondorioz lortu da 2019an Aginagako saneamenduari ekitea”, adierazi zuen urte hasieran Udalak ohar bidez.

Negoziazioei esker, diru partiden gehitzea
Udal gobernu taldetik gogorarazten zutenez, besteak beste, EHBilduren babesa ezinbestekoa izanik, Añarbek iazko urrian Gipuzkoako Batzar Nagusietan aurkezturiko aurrekontu-proiektua atzera bota zuen koalizioak, “urteetan mahai gainean izan diren hainbat proiektuei heltzeko konpromiso faltagatik”. Proiektu horien artean, bi nabarmentzen zituen EHBilduk; Pasaiako Portua eta Aginagako ur zikinen saneamendua.

Aipatu moduan, bi egitasmook gauzatzea aurreikusia zuen Añarbek 2010az geroztik, “inbertsio-planetan aurreikusita bazeuden ere, urteotan ez dute urratsik egin proiektuok garatzeko. 2019an beste horrenbeste gerta zitekeela ikusi genuen, ez baitzegoen adina diru-partidarik aurreikusita”.

Konpromiso falta hori zenbakitan islatu zuen Añarbek, EHBilduren esanetan. 2019rako 25.000€, 2020rako 175.000€ eta 2021erako beste 175.000€ aurriekusiak zituen, “ez zen nahikoa. Gabezia historiko horri erantzun ezean, ez zutela EHBilduren babesik izango argi adierazi genien”.

2019an hasi, 2022rako bukatua
Aurrekontuak adosteko elkarrizketei ekin eta negoziazio horiek aipatu diru kopuru horiek gehitzea ekarri zuen. Hala, 2019rako 25.000 euro bideratzea erabaki zen Aginagako egitasmora, 400.000 euro 2020an, 700.000 euro 2021ean eta 305.000 euro 2022an. Inbertsio honen %40a Añarbek finantzatuko du, gainerakoa URA, Uraren Euskal Agentziak.

Hiru fasetan
Aginaga aldeko saneamendu lanok hiru fasetan gauzatuko dituzte. Egitasmo hau hitzarmen orokorrago baten baitan kokatzen dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, Udalaren esanetan. 61 milioi euro bideratuko dituzte guztira Gipuzkoako uren saneamendura, 2019-21 eta 2021-27 urte arteetan. Aginagako saneamendu lanen lehen bi faseak 2019-21 artean burutuko dituzte, hirugarrena 2021-27 urte arterako aurreikusia dago. “3. faserako bermeak ere jasota badaude, espero etorkizunean heltzea, izan ere, ingurumenari zor zaion ezinbesteko lehentasuna baita Aginagako saneamendua Oria ibaitik ateratzea”, Udalak joan den otsailean berri eman zuenez.