Miriam Arrillaga Beloki, Emakume Master Cup-en 4 t´erdiko txapelduna

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 16a, 08:49
Miriam txapela irabazi berritan, senide eta lagunez inguratua. Argazkiak: Joseba Aizpurua.

Emakume Master Cup-eko 4 t´erdiko txapelketa irabazi zuen Miriam Arrillaga Belokik, igandean Barakaldon jokatu zuen final handian. 22-11 nagusitu zitzaion lehiakide zuen Miren Larrarteri. Zorionak!

“Aginagarrak lortutakoa pilota mistoarekin jokatutako lehen txapela izan da”, nabarmentzen dute Emakume Master Cup txapelketatik. “Miriam Arrillagak oso pilotari osoa dela erakutsi du. Kantxan ederki mugitu da eta tantoa amaitzen ere badakiela erakutsi du. Hitz gutxitan esanda, partida borobila jokatu du eta merezimendu osoz lortu du modalitate honetako lehen txapela”. Zorionak!

Hemen txapelketaren bezperatan Miriamek NOAUA!ri eskaini zion elkarrizketa:

NOAUA! Emakume Master Cupeko finalean sartu zara Leire Garairi 18-5 irabazita. Garaipen erraza izan zela esango zenuke?
Miriam Arrillaga: Egia esan bai. Duela gutxi bere aurka jokatu nuen eta 22-20 galdu nuen. Zentzu horretan, ez nuen espero finalerdia horrela izatea. Nahiko partida erraza egin zitzaidan. Hala ere, ez zait iruditzen nala horren erraza izango denik.

Miren Larrarte izango duzu aurkari. Nola ikusten duzu zure aurkaria?
Pilotarion artean osoena bera ikusten dut. Hanka oso biziak dauzka, jotzen duen pilotakada bakoitzeko zerbait berezia egiten du. Nahiko lan izango dut bere aurka, baina ni nire jokoa egiten saiatuko naiz eta ea emaitza ona eskuratzen dudan.

Martxoan Patri Espinarrekin iritsi zinen Master Cupeko binakako nalera, baina ezin izan zenuten txapela eraman. Bakarkakoan oraingoan lortuko duzu Aginagara txapela eramatea?
Esperantza ez dut oraindik galdu. Txapelketa oso ona egin dut eta ongi sentitu naiz. Finalera horren eroso iristerik ez nuen espero eta nik nire jokoa eginda uste dut txapela Aginagara ekarriko dudala.

Pelota goxoko finalean da Patri Espinar, zure kide izandakoa. Hark txapela irabaziko al du?
Nik Patri oso ongi ikusten dut. Egia da Leire Etxaniz ere oso indartsu dagoela; hiru txapela baditu lau eta erdikoan. Patrik bere jokoa egiten badu nik uste Leireri aurka egiteko gai izango dela, baina berak ere oso partida gogorra dauka. Ea biok txapela lortzen dugun eta martxoko arantzatxoa ateratzeko gai garen.