Aginaga osoa zeharkatu dute kantuan

Etxez etxe, atez ate kantuan igaro dute goiza Aginagan, inguruotako kantu-jirarik luzeenean. Ahalegin itzela egiten dute urtero, Kaxkoan nahiz herri gunetik urrunen dauden etxe edo baserrietara joan eta urtean zehar gutxitan ikusten dituzten bizilagunak bisitatzeko.

Goizeko 9:00etan hasi dira eta 15:00etan oraindik kantuan segitzen zuten. Ez dute meritu makala. Urtero gaurko egunez, eliza ingurutik abiatu eta Aginaga osoa zeharkatzen dute, bai Kaxkoa baita mendi aldeko etxe eta baserri guztiak ere, kantuan. Eta kantuaren bidez, girotzen dituzte etxe atariak eta etxean diren aginagarrak. Batzuekin urtean gutxitan egoteko aukera izaten dute eta eskuzabalik hartzen dute tradizio luzeko hitzordu hau. 

Kantuaren bidez agurtu eta elkarren berri izaten dute. Garai batean, bi taldeetan banatu eta Aginaga osoa zeharkatzen zuten. Parte hartzea gutxituz joan den arren, ez diote urteroko konpromisoari hutsik egiten. Orain talde bakar eta berak eremu osoa kantuz blaitzen du. Baita gaur ere; kantuan eta trikiti eta pandero jole gazteekin. 

DATOZEN DEIALDIAK
Abenduak 30, astelehena
17:00 "Niararen bidaia" antzezlana Aginagako ludotekan.
Zehaztasunak: "Patata Tropikala antzerki taldeak "Niararen bidaia" izeneko antzezlana eskainiko du. Animatu zaitezte, primeran pasatuko dugu eta!".
Sarrera: doan.
Nori zuzendua: haur eta heldu orori zuzendua.
Antolatzailea: Antxomolantxa Elkartea.

Arrate taberna itxita
Aginagako adinekoen elkarteko egoitza itxita egongo da hurrengo asteotan, Usurbilgo Udaletik ohartarazi dutenez. Abenduaren 20an ireki zuten azken aldiz. "Gabonen ostean jarriko da berriz martxan Arrate taberna. Etenaldiak ez dio eragingo eskola txikiko ikasleei ematen zaien jangela zerbitzuari", iragarri du Udalak.

Taberna ere data horren bueltan irekiko da, kudeatzaile berri batekin. "Esleipen prozesu bat jarri zen martxan, eta, horren ondorioz, kudeatzaile aldaketa izango da. Iazko udan kudeatzailerik gabe gelditu zen taberna, eta lizitazio prozesua jarri zen martxan, baina hutsik gelditu zen, inork ez zuelako proposamenik aurkeztu. Hilabete ingurura, proposamen bat iritsi zen udalera, eta kontratu txiki bat egin zitzaion, hori baitzen legeak ematen zuen aukera bakarra. Kontratu hori bukatzear zela abiatu zen esleipen prozesu berria udazkenean". Prozesu hartara aurkezturiko proposamenetako batek irabazi du lehiaketa.