Aginagako eliza zaharberritua, berriagoa etorkizunean

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 9a, 09:35

Aginagako Eliza Zaharra berritze bidean dute. Bada denbora zaharberritzen hasi zirela. Erronka argi bat dute eskuartean; historikoki San Praixkuetako festa gune nagusietakoa eta tarteka kontzertu nahiz bestelako antzezlan edo ikuskizunen oholtza izandakoa, kulturgune izatetik haratago, aginagarren bilgunean bilakatzea. Erabilera anitzeko biltokian hain zuzen; belaunaldi ezberdinetako herritarren topagunean, herritarrak elkartu edo denetariko ekimenak antolatzen segitzeko oholtzan. 

Horretarako ordea, egungo baldintzak hobetu nahi dituzte. “Toki hau hobetu beharko litzatekeela iruditzen zaigu”, aipatu digute Aginagako Jai Batzordeko kideek. Lurra txukundu, komuna jarri, argindar sistema hobetu, ur beroa eta berogailua ezarri… “Horrek asko lagundu dezake Aginagan gauzak antolatzen. Toki hau askoz dotoreago eta txukunago geratuko litzateke”.

Hobekuntzok guztiak bideratzeko lanean hasiak dira Aginagan. Jai Batzordeko zenbait kide biltzen aritu dira azken urtebetean. Aurrez enkargatutako proiektua garatu die Usurbilgo Origami arkitektura bulegokoek. “Guk irudikatzen dugun Eliza Zahar ideal horren proiektua lantzea eskatu genien”, adierazi diote aginagarrek aldizkari honi.

“Herritarrek haiena sentitzen duten tokia izatea nahi dugu”
Landutako proiektuaren xehetasunak aurkeztu zizkieten aginagarrei, joan den abenduaren 18an egitasmoa gauzatu asmo duten gunean bertan, Eliza Zaharrean. Egitasmoa ezagutarazi eta bertaraturikoen iritziak biltzeko deitu zuten hitzordua.

Auzolanean garatu nahi dituzte biltoki izaera indartu nahi duten eraikineko hobekuntza lanak. Pausoka, urratsez urrats, Origamikoek diseinaturiko proiektuak zehaztu bezala. “Gure proiektua puntuka dago garatua. Pausoz pauso joan nahi dugu. Garrantzitsuena, herritarrek beraiena sentitzen duten tokia izatea nahi dugu”. Ez dute bat batean eraikina goitik behera berritzeko beharrezko laguntza jaso eta lanak bideratu nahi “eta gero leku hau inork berea ez sentitzea, hemen ezer ez egotea”.

Pixkanaka burutu nahi dituzte hobekuntza lanok, eta pauso bakoitzean “herriak zer nolako babesa ematen digun” ikusi nahi dute. Aipatu moduan, pixkanaka egin nahiko lituzteketen hobekuntzen artean daude, “lurra berritzea, komun bat jartzea, barra bat jartzea, oholtza handitzea…”. Gunea berritu eta irisgarritasuna guztiz bermatzea, egun “sarbide zailak” baititu hainbat pertsonentzat. Hitz gutxitan, Eliza Zaharra “egokitu eta baldintza duinetan jartzea” da proiektu honen xede nagusia.

Erabilera anitzeko bilgunea
Garai batean Eliza Zaharra berritzeko hasitako auzolanaren segida izango da nolabait Aginagako gazte hainbatek proposatu dutena. Gune baten faltan baitaude. Garai batean ludoteka zabaldu zen, haur eta gaztetxoen aisialdi lekuan baita eskolaren baitako eremuan bilakatu dena. “Egoteko nahiz ekimenak antolatzeko toki bat falta da”.

Urte luzez jaietako parranda gau jendetsuen gune mirestuenean jarria dute begirada. Eta ez Jai Batzordeak soilik. Antxomolantxa Elkartea edota San Praixku Guraso Elkartea ere hasiak dira berritze bidean den Eliza Zaharrea hainbat ekitaldi antolatzen; ikasleen eskolako emanaldiak, Euskararen Egunari lotuta azken aldian antolaturiko antzezlan edo ikuskizunak, Olentzeroren etorrera… Eliza Zaharra berritu eta egokituta Aginaga mailako herri bizitza eta dinamika ezberdinak sustatzen lagungarria izango litzatekeela irizten diote, hala nola, bilerak egin, kontzertuak antolatu edota haur nahiz helduen bilgune lanak egitearekin batera, jende gehiago erakartzeko ere baliagarria izango da. “Herri giroa egon badago, baina halako leku baten falta du”.

Auzolana, abiapuntua
Garatu nahi duten proiektua lehendik eginiko hobekuntza lanen segida izango litzateke. Denbora bada eta Eliza Zaharra berritzen hasiak zirela. Besteak beste, fatxada berritu zuten aginagarrek eta eliza barrua margotu, lokala txukundu… zegokien prestakuntza jasota auzolanean. “Auzolanak bere fruitua eman zuen eta orain ere asmo horrekin gabiltza”.