MATRIKULAZIO GARAIA

Aginagako Eskola: “Ikasleen interesetatik abiatzen gara”

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 28a, 11:10

Txikitasunak ahalbidetzen dien ikasleekiko hartueman eta ezagutza sakonean, ikasgeletako gaztetxoen adin nahasketatik sortzen den elkarren zaintzan eta haien interesak abiapuntu dituzte proiektuen lanketan, ardatz guztiotan oinarritzen da matrikulazio epea zabalik duten Aginagako Eskolaren jarduna. Ikastetxeko zuzendari Leire Salaberriarekin bildu da NOAUA!.

 

NOAUA! Matrikulazio kanpaina abian da. Zein da zuen ikastetxeak umeei eta gurasoei egiten dien eskaintza?

Leire Salaberria: Familia giro goxoan gaude. 2-12 urte artekoak adinez nahastuak dauden 10 ikasleko gela txikiak ditugu. Txikienak helduenekin kontaktuan, helduenak txikiekin, elkarri eragiten, elkar zaintzen… Oso harreman politak sortzen dituzte. Zenbait ekintza egiten ditugu eskola guztia nahastuta, horretan datza eskola txikiaren aniztasuna. Ikasleak oso ondo ezagutzen ditugu. Heltzen gara puntu batera non hain gutxi daudenez badakigun ume bakoitza nolakoa den, zer atera daitekeen ume bakoitzetik, zer hobetu, aldatu. Badakigu ikasle bakoitza zertan den punta-puntakoa eta horretan sakondu dezakezu edo ahuleziaren bat baldin badu indartu. Zerbitzuei dagokienez, goiz txokoa eskaintzen du guraso elkarteak 8:00-9:30 artean, eta eskolaz kanpoko ekintzak: psikomotrizitatea, pintura, artea. Guretzat indargune handia da iaztik jangelako zerbitzuan ostatuak prestatutako elikagaiak jatea. Kalitatean, goxotasunean, denean izugarri irabazi dugu. Beka garraioak ditugu. Klaseen ordutegia honakoa da: 9:30-13:00, 14:30-16:15.

 

Zuen ikastetxera lehen aldiz hurbildu behar duten gurasoei zer aholkatuko zenieke?

2-12 urte bitartekoentzako hezkuntza eskaintza dugu. Ikasle berriekin malgutasun handiz jokatzen dugu, bai sarrera zein irteera orduetan. Gurasoekin adostuz, beti ere umearen behar horiek asetzen saiatzen gara. Matrikulazio egunotan gu hemen egongo gara. Ikasleak klasean dauden artean etorri daitezke gurasoak eta eskola bizirik dela, eguneroko hemengo funtzionamendua nolakoa den ezagutu.

 

Zer nolako hezkuntza proiektua garatzen duzue zuen ikastetxean?

Proiektuka funtzionatzen dugu, beti ere kurrikuluma kontuan izanda, eta kurrikulumeko edukiak betetzen direla bermatuta. Abiapuntua ikasleen interesak izaten dira. Eskola osoa gai baten inguruan aritzen saiatzen gara, beti ere adin tarte ezberdinetako interesak kontuan izanda. Lehen hiruhilekoan adibidez historiaurrea landu genuen. Mapa kontzeptual bat egiten dugu gaiari buruz zer dakigun eta zer jakin nahi dugun jasotzeko. Amaieran mapa berriz hartu eta zer ikasi dugun biltzen dugu. Proiektuarekin lotutako irteerak egin edo azalpenak ematera gonbidatzen ditugu ikasleen senideak.

 

Zer nolakoa da gurasoekiko harremana?

Guraso Elkarte oso eraginkorra du eskolak. Elkar lankidetza oso ona, harreman oso estua dugu egunerokoan, hurbilekoa. Ekainean ospatu genuen eskola txikien jaialdia prestatzeko ikasturtean zehar lanketa gehiena gurasoek egin zuten. Egunean bertan eta aurretik auzoko gazteak, helduak, denak inplikatu ziren. Inplikazioa auzo osokoa izan zen. Orduan bezala, egunerokoan herriarekin harremanak eta loturak zabaltzen saiatzen gara.

 

Ikasle helduenak, ingeleseko barnetegian

Ohi baino ikasle gutxiago dituzte Aginagako Eskolan egunotan. Ingelera indartzeko barnetegian dira eta, LH 4, 5 eta 6. mailako ikasleak, Urnietako Salestarren ikastetxeko aterpetxean.

 

Astebeteko egonaldiak izan ohi dira

“Hezkuntza Sailak bideratzen duen proiektu bat da, ingelesa sustatzeko. Astebete pasatzen dute bertan ingeles munduan murgilduta. Lehen aldiz eskatu dugu bertan parte hartzea eta eskaera onartu digute”, adierazi dio NOAUA! aldizkariari Leire Salaberriak Aginagako Eskolako zuzendariak. Ingeleseko ezagutza indartuta itzuliko da aipatu ikasle taldea Aginagara.

 

Informazio gehiago:

943 372 044

012261aa@hezkuntza.net

www.aginaga.eskolatxikiak.org