Kritika baikorrak jaso ditu Aitor Arangurenen eskuz binakako txapelketako debutak

Noaua Aldizkaria 2020ko ots. 10a, 12:40

Estreinakoz Eskuz Binakako Pilota Txapelketan jokatu zuen aginagarrak ostiral gauean Zestoan, Aimar Olaizolarekin batera, eskuan mina hartu zuen Mikel Urrutikoetxearen ordez. Aurkariak nagusitu arren, kritika baikorrak jaso ditu Arangurenek hedabideen aldetik.

"Arangurenek aurkezpen eskutitz polita utzi du", izenburuarekin jaso du aginagarraren debutari buruzko kronika Diario Vascok. Etorkizun oparoa antzematen zaiola Aginagakoari nabarmendu du DV-k. 

"Estreinaldi bikaina" hala jaso zuen GARAk asteburuko kirolen saileko kronikan. Aginagarrak egundoko erakustaldia egin zuela dio aipatu hedabideak, nahiz lidergoan diren aurkariak nagusitu ziren azkenean. Aginagarraren defentsa lana nabarmendu du GARAk, baita hainbat tanto amaitzeko, aurrelari batek duen kalitate teknikoa erakutsi izana ere.

Mundo Deportivok jaso duenez, irudi ona eskaini zuen aginagarrak. "Ez zen kikildu, Etxarrengoaren nagusitasunaren aurrean. Biek bi tanto eginda eta hiruna huts egiteekin amaitu zuten".

Euskal Telebistaren esanetan, "Aitor Aranguren debutaria maila onean aritu zen. Oso pilotaria da eta batipat defentsan egin zuen lan handia. Baina bi tanto on ere bukatu zituen aurrean. Azkenak, 16 eta 17, aurkariengana tanto bakarrera gerturatzeko balio izan zien gorriei (Arangureni eta Olaizolari alegia)".

17-22 izan zen partidako azken emaitza. Erik Jaka eta Jose Javier Zabaleta nagusitu ziren, eskuz binakako txapelketaren 12. jardunaldian. Finalaurrerako sailkatu dira. Irribarria-Rezusta bikotearen aurka jokatuko duten hurrengo neurketan erabakiko da Olaizola eta Urrutikoetxearen hurrengo faserako sailkapena.