Hondarribia eta Orio nagusitu ziren Oriaren Jaitsieran

Noaua Aldizkaria 2020ko ots. 24a, 16:33

Orioko trainerua nagusitu zen emakumezkoen kategorian. Ez hori bakarrik. 2017an Hibaikak jarritako marka hobetzea (14:17:34) lortu zuten oriotarrek. Karkara aldizkarian irakurri dugunez, bederatzi segundotan ondu zuten estropadako denbora. Senior mutiletan, Hondarribia izan zen garaile.

Benidormeko Anemona Marina Baixa elkarteko emakumeek lehen aldiz parte hartu zuten Oriaren Jaitsieran. “Arraunlari horiek bularreko minbizia pasatako edo hori gainditzeko tratamenduan dauden emakumeak dira, eta duela urtebetetik arraunean egiten dute Club Nautico Benidormen. Hala, urrats bat aurrera egin eta Oriaren Jaitsieran parte hartzera animatu dira. Txalo zaparrada artean hartu dituzte ikusleek helmugan”, hala jasoa dator karkara.eus web orrialdean.

 

Mutiletan, Hondarribia garaile

Mutilen senior mailan, Hondarribia izan zen azkarrena, 19:10:50 denbora eginda. Ia bost segundora iritsi zen Santurtzi. Hirugarren Orio helmugaratu zen.

 

Kategoria ugari

Senior mailako estropaden aurretik, llagutak eta jubenil zein beterano mailako traineruak lehiatu ziren.

Oriaren Jaitsiera aurreko larunbatean jokatu zen. “91 ontzik eta 1300 arraunlarik hartu zuten parte neguko traineru estropadarik garrantzitsuenean”. Eguraldia lagun, jende asko bildu zen errio bazterrean estropada bertatik bertara ikusteko.

 

Argazkia: karkara.eus