Inguruotan grabaturiko "Oreina" gaur Euskal Telebistan

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 11a, 08:12

Txintxua Films ekoiztetxearen filma ETB1-ek eskainiko du astelehen honetan (maiatzak 11) gaueko 22:30etan hasita.

2017ko udazkenean zehar grabatu zuten "Oreina", hein handi batean Aginagan, baita Usurbil aldean ere eta Gipuzkoako beste zenbait udalerrietan. Koldo Almandozek zuzenduriko ikus-entzunezkoa 2018ko Donostiako Zinemaldian estreinatu eta Euskal Zineko Irizar saria jaso zuen. Urte hartan bertan Aginagako jaietan, Eliza Zaharrean proiektatu zuten, Almandoz bertaratu zen. 

Eta gerora, munduan barrena bidaiatu du "Oreina"-k, eta filmean agertzen diren inguruotako paisaiak ere. Marseillan ospaturiko "Cine Horizontes" jaialdian epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuen filmak. Berlineko "Baskisches Film Festivalen" parte hartu zuen. Urrunago ere joan da; Rabaten (Maroko) Uruguain, Txilen, Edinburgon, Nantesen, Erroman, Frantziako Tolosan, Brasilen eta Sardiniako zine jaialdi banatan eskaini dute. Iazko Feroz sarietarako hautagaien artean izan zen "Oreina".

Astelehen honetan (maiatzak 11), ETB1-ek eskainiko du, gaueko 22:30etan hasita.

"OREINA" 
Zuzendaritza eta gidoia: Koldo Almandoz.
Aktoreak: Laulad Ahmed Saleh, Patxi Bisquert, Ramon Agirre, Iraia Elías eta Erika Olaizola.
Sinopsia: "Hiria, industria-giroa eta natura elkartzen dituen hiri-periferia bateko hainbat pertsonaia erakutsiko dizkigu. Periferia horretan, jatorri desberdineko pertsonak gurutzatuko dira: elkarri hitzik egin gabe bizi diren bi anaia, norabiderik gabe dabilen mutil gaztea, zelatan dabilen eta inguru horretatik ihes egin nahi duen neska gaztea. Khalil, industriaguneak, ibaiak eta padurak bat egiten duten hiriko periferian bizi den gazte deserrotua da. Khalilek ahal duen moduan egiten du aurrera eta ibai ertzeko etxea anaiarekin konpartitzen duen furtibo zahar batekin pasatzen ditu egunak. Mareek, paduraren uhertzean, maitasuna eta desamodioa, kidetasuna eta mendekuaren denbora markatzen dute".
Ekoizlea: Marian Fernandez Pascal.
Argazki zuzendaria: Javier Agirre Erauso.
Muntaia: Laurent Dufreche.
Musika: Elena Setien eta Ignacio Bilbao.
Arte zuzendaria: Mikel Serrano.
Soinua: Alazne Ameztoy eta Xanti Salvador.
Makilaia eta ilea: Kizkitza Retegui.
Jantziak: Leire Orella.
Iraupena: 85 minutu.