Urdairak urrezko kategoria eskuratu du, Foru Aldundiaren 19. Sagardo Lehiaketan

Astigarragako Zapiain sagardotegiak irabazitako txapelketan urrezko kategoria eskuratu du Aginagako Urdaira sagardotegiak. Bertako sagarrarekin eginiko sagardoa- Euskal Sagardoa jatorri-izendapena- saritzea eta sustatzea du helburu Gipuzkoako Foru Aldundiaren txapelketak.

Banatu dira Gipuzkoako Foru Aldundiaren 19. Sagardo Lehiaketako sariak. Astigarragako Zapiain nagusitu da 27 lehiakide izan dituen aurtengo edizioan. Haietatik 17 izan dira, Fraisoro Laborategiko dastatzaileek osaturiko epaimahaiak emandako 60 puntutik gora jaso eta brontzezko, zilarrezko edo urrezko kategoria eskuratu dutenak.

Puntuazio altuena lortu dutenen artean izan da Aginagako Urdaira, urrezko kategorian. Lehiaketa irabaztear izan da. Urrezko kategorian sailkatu diren sagardoen artean eginiko bigarren dastatze saioak erabaki baitu lehia honetan Zapiain nagusitzea.

Foru Aldunditik ohartarazi dutenez, sarituak izan diren sagardotegiok "euren botiletan, datorren urte osoan, zigilu akreditatibo bat eramateko aukera izango dute, urrezko, zilarrezko eta brontzezko sailkapena erakutsiko duena".

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIAREN 19. SAGARDO LEHIAKETA
Urrezko kategoria (72 puntutik gora)
Itxasburu, Gartziategi, Akarregi, Urdaira, Isastegi, Zapiain, Izeta, Altzueta, Lizeaga, Aburuza eta Zelaia sagardotegiak.

Zilarrezko kategoria (65-72 puntu artean)
Iparragirre, Oiharte, Alorrenea, Gurutzeta eta Etxeberria sagardotegiak.

Brontzezko kategoria (60-65 puntu artean)
Petritegi sagardotegia.

Bertako sagarrarekin ekoitzitako sagardoa sustatzeko
Txapelketaren helburua Foru Aldundiarentzat, Euskal Sagardoa jatorri-izendapena sustatzea da, bertako sagarrarekin eginiko sagardoa sarituz bultzatzea. 

Euskal Sagardoa jatorri-deituraren sustatzaileen esanetan 2019an 3,2 milioi litro Euskal Sagardo ekoiztu dira, bertako 5,5 milioi kilo sagarrarekin. “Sagardo lurrintsu eta orekatuak lortu dira, aurreko uztakoekin alderatuta arinagoak ahoan eta alkohol graduazio baxuagokoak orokorrean”. Berrikuntza gisa, Euskal Sagardoaren lehen katalogoa plazaratu dute aurten.

Egun Gipuzkoan ekoitzitako sagardoaren %33a bertako sagarrarekin egina dago. Sagardoa %100ean bertako sagarrarekin ekoiztera heltzera dute etorkizuneko erronka. Bide horretan, tokiko produktuak lehenestea deitzen dute.

Covid19-ak kaltetu duen lehen sektorea laguntzeko 15,5 milioi euroko krisi plana jarri du martxan Foru Aldundiak. Testuinguru horretan, Gipuzkoako 70 sagardogileei zuzenduriko diru-laguntza lerro berria iragarri du Aldundiak.