Uztailaren 5ean Aginagan

Aitor Arangurenek etxean jokatuko du eskuz binakako txapelketaren 2. jardunaldia

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 25a, 12:17

Masters Caixabank eskuz binakako pilota txapelketako estreinako jardunaldia, atzo Eibarren jokatzekoa zutena, bertan behera geratu ostean, bigarren jardunaldia etxean jokatuko du, maila profesionalean bi urte bete dituen Aitor Aranguren Errastik. Sorterria duen Aginagan jokatuko da aipatu txapelketako bigarren jardunaldia, uztailaren 5ean. Sarrerak online salgai jarri ditu antolakuntzak, baita Arrate tabernan ere.

Uztailaren 5ean ospatuko da, igandearekin, Aginagako pilota jaialdia. Bi neurketa iragarri dira, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Aitor Aranguren Errastik bigarrena jokatuko du, eskuz binakako txapelketan talde kide duen Ezkurdiarekin batera. Jaka-Albisu izango dituzte aurrez aurre. Partida hau baino lehen, eskuz binakako beste neurketa bat ospatuko da:
Alberdi-Urretabizkaia
Egiguren V-Garmendia

Uztailaren 5eko pilota jaialdirako sarrerak salgai jarri ditu antolakuntzak Arrate tabernan. Online ere eskuratu ahalko dira entradasfronton.com atarian. Informazio gehiagorako: 943 820 406 edo aspepelota.eus

Lehen jardunaldia bertan behera
Maila profesionaleko pilotarien itzulerako jaialdia behar zuena, bertan behera geratu zen atzo. Eibarko Astelenan antolatua zuten eskuz binakako pilota jaialdia eten behar izan zuten, frontoiko lurzorua irristakorra zegoelako. Neurketetako bat, Aitor Aranguren Errasti aginagarrak jokatu behar zuen.

Hiru hilabete eta erdiz pilota norgehiagokak etenda egon ostean, lehia frontoira itzuli behar zuen eguna zen atzo, Eibarko Astelenan. Baina Masters Caixabank eskuz binakako txapelketaren lehen jardunaldia bertan behera utzi behar izan zuten. Hiru neurketetan lehenengoa ustez arazorik gabe jokatu zuten, bigarrena ordea lehia abiatu eta gutxira bertan behera utzi behar izan zuten. Hain duzen, Aitor Arrangeuren Errasti aginagarra jokatzen ari zena Ezkurdiarekin batera eta Altuna III.a-Imaz bikotearen aurka.

Aurkarietako bat hain zuzen, Imaz, behin baino gehiagotan irrist egin zuen. Oinetakoak aldatu zituen arren, egoki jokatu ezinik segitzen zuen. Azkenean, bertan behera utzi zuten neurketa eta pilota jaialdia. Lehen jardunaldiko jaialdia "jokatu gabetzat" jo du Eskupilotako Enpresen Ligak. Honenbestez, neurketa hasieratik abiatu beharko dute berriz datozen egunotan zehaztuko den hitzorduan. 

Kontratua luzatu diote
Ekainaren 23an Tolosako Beotibar pilotalekuan maila profesionalean debutatu zuenetik bi urte bete ziren egunean, Aitor Aranguren Errastik Baiko Pilotarekin zuen kontratua berritu zuen. 

Ezohikoa izaten ari den 2019-20 denboraldian 17 partida jokatu ditu aginagarrak, 13 irabazi ditu. Uda honetan, Masters Caixabank eskuz binakako pilota txapelketan parte hartuko du.