Aitor Arangurenen igandeko Aginagako pilota partida ikusteko sarrerak salgai

Beotibarren lehen partida jokatu zuenetik maila profesionalean bi urte bete berri ditu eta urtemuga honetan kontratua luzatu diote. Konfinamendu osteko lehen neurketa ere orduantxe jokatzekoa zen Eibarko Astelenan. Baina gauzak nola diren; hitzordua bertan behera utzi behar izan zuten eta honenbestez, igande honetan, etxean, Aginagan jokatuko duena konfinamendu osteko itzulerako norgehiagokan bilakatuko zaio. Eskuz binakako txapelketa betean den Aitor Aranguren Errasti pilotari aginagarrarekin bildu da NOAUA!. Uztailaren 5eko jaialdirako sarrerak salgai dituzue Aginagako Arrate tabernan edota sarean.

Nola bizi izan zenuen Eibarko ekainaren 24ko jaialdi gorabeheratsua?
Aitor Aranguren Errasti:
Zertxobait arraroa izan zen. Konfinamendu osteko itzulerako partida zelako gustura ginen, baina jaialdia hasi zenean lurra irristakorra zegoela ikusten genuen.

Zuen bigarren partida hasi berritan eten zen txapelketa.
Bost tanto egin genituen eta bostetik lautan Imaz aurkaria lurrera erori zen. Ezin zen hala segi eta atzeratu egin dute partida, abuztu aldera arte.

Honenbestez, uztailaren 5eko Aginagako norgehiagoka zure estreinako partidan bilakatu zaizu?
Beste bikoteek aurreikusita zuten lehen jardunaldiko norgehiagoka jokatu dute baina guretzat aurrenekoa igandean izango da Aginagan.

Itzulera berezia dudarik gabe; etxean.
Eibarko partidan lehiatzeko gogoz ginen; hainbeste denbora jokatu gabe, eta gainera publikoa izango genuen aurreneko kirol jardueretakoa izango ginen. Itzulerak Aginagan izan beharko du, baina oso gustura etxean izateagatik.

Covid19-ak frontoiko txapelketen itxura aldatu dute.
Frontoian ikusle gutxiagorekin baina behntzat jendearekin hasi gara eta horrek ere poza ematen du. Ikusten dituzu maskarekin baina ohitu beharko gara hau guztia bere onera bueltatu arte.

Halako txapelketetan publikoak duen garrantzia agerian geratzen da.
Bai azkenean frontoi handietan jokatzean, 1.000-2.000 lagun joaten dira askotan, orain gehienez 600 lagun sartuko dira frontoi horietan. Aldea dago baina esandakoa, jendearekin hastea garrantzitsua zen, hala hasi gara eta oso gustura gaude.

Maila profesionalean debutatu eta bi urtera kontratua luzatu duzu. Urtemuga gozoa izango zen eta bi urteotako balantzearekin gustura izango zara beraz.
Binakako txapelketa ona egin genuen, gero lehen mailako hiru ordezkapen horiek puntu positiboak izan dira niretzat. Hortik aurrera, pixkanaka gorantz joan naizela uste dut eta hortik etorri dela kontratu berritzea. Ia maila honetan eta hala segitzen dudan.


Nola eragin du konfinamenduak zure jardunean?
Azkenean etxean gimnasio txiki bat dut eta nahiko ondo maila fisikoa lantzeari dagokionean. Frontoira ezin genuen joan eta hori zen okerrena. Bizpahiru hilabeteetan geldirik egonda, eskuak asko biguntzen dira eta oso txarra da guretzat.


Abiatu berri duzuen eskuz binakako txapelketa honetarako erronkarik?
Txapelketan maila on bat ematea. Ezkurdia pilotari handia da eta helburua berari ahalik eta gehien laguntzea litzateke, eta berari ondo lagunduta finalerdietarako sailkatzeko aukera izatea. Ia maila on bat emanez gero lehen lau postuetan sailkatzeko aukera dugun.

Bide horretara heltzen lagungarria izan daiteke igandeko Aginagako neurketa. Berezia etxean izanda?

Etxean jokatzeak maila on bat emateko konpromisoan jartzen dizu. Lehen mailako txapelketa bat da, eta beti zailtasun handiagoa du. Ahal den paper onena egin eta Aginagakoentzat jaialdi oso polita izango delakoan nago.

Aginagarrak ondoan izan dituzu Beotibarreko debutetik.
Bai. Jaialdi hau ere ezingo zen ospatu, Aginagakoengatik izan ez balitz. Jai Batzordeak, Antxomolantxak edota bertako enpresek jaialdi hau antolatzen lagundu dute eta oso eskertua nago.

Pilota jaialdia Aginagan
Eguna:
uztailak 5, igandea.
Ordua: 18:00.
Tokia: Aginagako Ariztitxo pilotalekua.
Neurketak:
Alberdi-Urretabizkaia
Egiguren V-Garmendia

Masters Caixabank
Ezkurdia-Aranguren
Jaka-Albisu

Sarreren salmenta: Aginagako Arrate tabernan edo entradasfronton.com atarian. 
Informazio gehiagorako: 943 820 406 / aspepelota.eus