Aitor Aranguren Errasti, etxean nagusi

Masters Caixabank binakako eskupilota txapelketako 2. jardunaldiko partidetako bat Aginagan jokatu da gaur. Lerrootara dakarkigu albistea, neurketaren kokaguneagatik soilik ez; partaideetako bat ere sortzez aginagarra delako. Profesional mailan bi urte bete eta kontratua luzatu berri dioten Aitor Aranguren Errasti hain zuzen. Urtemuga ezin gozoagoa etxean irabaziz borobildu berri du gaur. 

Aginagarra etxean nagusitu da Ezkurdiarekin batera; 22-20 irabazi berri diete aurkariei. "Jaka-Albisu 20-14 irabazten joan eta Ezkurdia-Aranguren zuzenean 22ra salto egin dute. 63 minutu eta 532 pilotakada", ASPE-k zehaztu duenez. Azken emaitza honenbestez; Ezkurdia-Aranguren 22-20 Jaka-Albisu.

Arangurenek aginagarren babesa jaso du bai harmailetatik, baita frontoian bertan bere irudiarekin esekia zuten "Aupa Aitor! Agiña hirekin" zioen pankartarekin. Gaurkoa berez Masters Caixabank txapelketako bigarren jardunaldia bazuen ere, estreinako neurketa izan da. Lehenengoa ekainaren 24an jokatu behar zuen Eibarko Astelenan, baina bertan behera utzi behar izan zuten lurra irristakorra zegoelako. 

Maila profesionalean Tolosako Beotibarren debutatu zuenetik bi urte bete zituen ekainaren 23an, eta egun horren bueltan kontratua luzatu diote aginagarrari. Urtemuga ezin gozoagoa honenbestez.

Aurretik Alberdi-Urretabizkaia eta Egiguren V-Garmendia bikoteen arteko neurketa jokatu da; 12-22 izan da partida honen azken emaitza.

Egungo egoerara egokituriko pilota jaialdia
Primerako giroa izan da Aginagan. Bizi dugun osasun krisialdia tarteko ezohiko baldintzetan ospatu behar izan da jaialdia. Gehienez 145 lagunentzako lekua zegoen. Ikusleen artean tarte hutsak. Frontoira maskarekin joan beharra zegoen; pilotalekura sartu aurretik antolakuntzak tenperatura hartu eta eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitu beharrak zeuden. Ezohiko garai honetan ohikoak bilakatzen ari diren ohiturak.

 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
Erlazionatuak

Aitor Aranguren partaide izango duen pilota jaialdia gaur Aginagan

Aginaga

Beotibarren lehen partida jokatu zuenetik maila profesionalean bi urte bete berri ditu eta urtemuga honetan kontratua luzatu diote. Konfinamendu os...