"Poza ematen du, gune hauxe hala ikusteak", zioen Harkaitz Martinez de San Vicentek, Aginagako Eliza Zaharreko kontzertu hasieran. Konfinamendu ostean jendaurrean eskaintzen duten lehen emanaldia zuten gaurkoa. "Hauxe dugu nahigabe honen ondorengo aurreneko kontzertua, publikoarekin behintzat. Aurreko astean publikorik gabeko bat izan genuen".
Abenduan plazaraturiko "Koklea" izeneko lan berria aurkeztu dute, streaming bidez ere usurbilkultura.eus ataritik zuzenean ikusi ahal izan den gaurko emanaldian. "Zientziak natura bere lengoiaren bitartez interpretatzen duen bezala, Oreka Tx-ek txalaparta erabiltzen du bere ingurumenaren irakurketa egin eta partekatzeko. Boskoteak azken urteetan musikan egin duen ibilbidearen emaitza islatzen da lan horretan, berezko duten estiloan sakonduz eta musika tresna organiko eta naturalak erabiliz lengoaia garaikide batean”.
Lotura estua du udalerri honekin. "Disko honen berezitasunetako bat da, Txokoalden sortua dela ia bere osotasunean. Hain zuzen ere, Txokoaldeko Txalapartxa Txokoan aritzen garelako dakizuen bezala", Martinez de San Vicentek gogorarazi duenez.
Aginagako Eliza Zaharreko kontzertura joaterik izan ez dutenek, Oreka TX abuztuan Orion izango dela iragarri dute.
Protokolo berezia
Emanaldi honekin Aginagara jauzi egin du uztailaren 1ean Usurbilen abiaturiko Kultur Birak. Iragan astean bezala, bizi dugun osasun krisialdira egokituriko ekitaldia hasi aurretik hitzordua ospatu ahal izateko baldintzen berri eman du antolakuntzak; herritarrak zorrotz betetzen ari diren protokolo zehatzaren nondik norakoak azaldu dituzte. Aurreko asteko "eskenatokien" antzera, Eliza Zaharrean ere kontzertuaz gozatzeko leku mugatua zegoen, eserlekuak elkarrengandik behar beste bereiziak... Eliza Zaharrera sartu aurretik aurrez usurbilkultura.eus plataformatik eskaera egin eta sarrerak egokitu zaizkienek QR Kodea erakutsi behar guten eta eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitu behar zituzten.