Herriko sortzaile belaunaldi berrien agertokia ere izaten ari da hilabete hasieraz geroztik abian den Kultur Bira. Bart esaterako, Aginagan euskal abesti ezagunen errepertorioa ahotan hartuta, emanaldi ederra eskaini zuten Malen Azpiazu eta Maddi Zuloaga herrikideek. "Egia esan, ez gara asko ibiltzen bakarlari bezala, gure lehenengo kontaktua biak batera estilo honetan Lizarrako topaketa feministan izan zen. Hortik aurrera pare bat aldiz jo dugu!". Kultur Biran parte hartzeko gonbita gustura asko jaso zuten. Antolakuntzak iragarri moduan, "talentua eta ausardia gainezka, euren ahots indartsuez gozatzeko aukera paregabea" izan zuten bart, Aginagako Eliza Zaharraren atariko plazatxoan bildutakoek.
Antzezlanen asteburua
Azken 24 orduotan bestalde, bi antzezlan ere plazaratu ditu Kultur Birak. Ostiral arratsaldean Sutegin "Skratx" adin tarte guztiei zuzenduriko emanaldiaz gozatu zuten. "Denboraren poderioz, superheroitik antiheroira nola igaro den" kontatu zuen. Larunbat arratsalde honetan bestalde, Jurgi Ekizaren emanaldiaren aurretik "Birritan bortxatua" antzezlanaren bueltan bildu dira hamarnaka herritar Udarregi Ikastolako erdiko aretoan. Aldatzen Laguntzen antzerki taldeak "Nagore Laffageren eta Iruñeko talde bortxaketako epaiketetan oinarritua, euskarazko ’fikzio-dokumental’ estiloko antzezlana" eskaini du.
Formatu goxoan
Osasun krisialdiak halabeharrez, aforo mugatua eta prebentzio irizpide zorrotzak finkatzera behar du antolakuntza, hilabete hasieratik abian den Kultur Biran. Baita azken 24 orduotako ekitaldietan ere. Orain arte bezala, herritarrek araudia zorrotz betetzen jarraitzen dute.
Izan da gainera aldaketarik azken orduotan; gogoan izan, jada ezinbestekoa da musukoaren edo maskararen erabilera gune ireki nahiz itxietan, baita Kultur Biraren ekitaldietan ere. Orain ekitaldietan ere, eserlekuen artean segurtasun distantzia bermatua dagoen arren, musukoa jantzita izan behar dute ikus-entzuleek.