Kultur Bira

Hilabete osoko kultur zikloa borobiltzeko, Dalton Anaiak gaur Aginagan

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 31a, 09:01

“Elektropapo elektrotxarangako kideen proposamen akustikoa dugu Dalton Anaiak izeneko proiektu berria”. Ostiral honetan (uztailak 31) 22:00etan hasita Aginagako Eliza Zaharreko atarian kontzertua eskainiko dute. 

Gehienez 50 lagun bilduko dituen emanaldirako sarrerak eskuratzeko epea agortua da. Asteazkenean itxi zuen antolakuntzak izen ematea. Sarrerak egokitu zaizkienei usurbilkultura.eus atarian erregistraturiko helbidean jasoko dute jakinarazpena. Hilabete hasieran abiaturiko Kultur Bira kontzertu honekin borobilduko dute. 

Kultur Bira iruditan
Jira eta bira dabil euskal kultura Usurbilen barrena azken hilabete honetan; lehendik prekarizatua egon eta covid19-ak baldintza zailetan sakontzea eragin duen euskal sortzaileen sektoreari bultzada emanez, eta udako ohiko jai zein bestelako ospakizunik gabe geratu diren herritarrei, kultur eskaintza erakargarria plazaratzen.

Herriko musika taldeen kontzertuez gozatzeko parada izan da. Amebak, Malenek eta Maddik eta Mihisek estreinako kontzertuak eskaini dituzte, Natali edota Odolaren Mintzoa ere bidelagun izan ditu zikloak. 

"Birritan bortxatua" eta "Skratx" antzezlanak, Herri Kirolen Eguna, haurrei zuzenduriko altxorraren bila... Denetarik eta denontzako egon da ekitaldirik. Eta txoko ezberdinetan: Herriko Artixtek emandako aldi bereko hasiera hirukoitza Santuenean, Txokoalden eta Usurbilen... Santueneko karpa guneko kontzertuak, Urdaiagako ibilaldi gidatua, Zubietako bertso eta dantza saioak, Aginagako Eliza Zaharreko saioak...

Guztia, bizi dugun ezohiko testuingurura egokituta, herritarrak erabat errespetatzen ari diren prebentzio neurri zorrotzen artean. Formatu txikietan, eserlekuak elkarrengandik beharrezko segurtasun distantziara, eskuak garbituta, musukoak jantzita...

Ezohiko irudi dezente utzi dizkigu amaitzear den Kultur Birak. NOAUA!n jasotako irudiak ondoko kanalean bildu ditugu: https://noaua.eus/bereziak/kultur-bira