Mihise aritu da aurrena. Taldeko hiru musikariak aski ezagunak dira usurbildar askorentzat, Hotzikara eta Izeberg taldeetan aritutako baitira. Lehen diskoan lanean ari dira, baina Aginagan bildutako asko eta askok kanta batzuk ongi dakizkite. Hotzikara zein Izeberg taldeen abesti batzuk ere jo dituzte hurbildutakoen poztasunerako.
Unidad Alavesak hartu du usurbildarren lekua gero. Izenak nor edo nor despista dezake, baina taldea ez zen Araban jaio, Ataunen baizik. Country, folk zein rock estiloko abestiak jotzen dituzte, eta Aginagan ere estilo horiek gustuko dituztenentzat tarte polita izan da. Behin ilunduta, gau giro ederrarekin aritu da taldea oholtza gainean. Giro ederra jarri dute, eta musikaz gozatzeko une paregabea izan da askorentzat.