“Eliza Zaharra Aginagako elkargune bat da eta elkarte ezberdinen beharretara egokitu behar da”

Noaua Aldizkaria 2021ko ots. 20a, 09:00

Auzolanean, halaxe ari dira Aginagako Eliza Zaharra eraberritzen. Pixkanaka, baina etenik gabe. “Estolderia lanak amaitu berri ditugu. Orain lurraren eta pareten arteko erremateak egiten gabiltza, elektrizitatearen kutxak jartzen, eskenatokia handitzen...”. Ilusioz eta lanerako gogoz sumatu ditugu Aginagako Jai Batzordeko kideak.

NOAUA! Hau ez da orain hasi. Lehenagotik datorren lan baten segida da, ezta?

Aginagako Jai Batzordea: Eliza Zaharra konpontzen duela zortzi bat urte hasi ginen. Harria bistaratzen. Gerora, Aginagako gazteok hobekuntza txikiak egiten jarraitu genuen. Eskenatokia egin, barra handitu... Auzolanean. Baina konturatu ginen batzuetan indarrak alperrik ahitzen genituela. Antzerki talde bat ekarri eta eskenatokia handiagoa izan behar zuela esaten ziguten.

Bestetik, Eliza Zaharra Aginagako elkargune bat da eta elkarte ezberdinen beharretara egokitu beharra dago. Behin hori zehaztu ondoren, proiektu bat definitu beharra zegoela erabaki genuen. 2019an Origami Arkitektura Taldea kontratatu genuen horretarako propio. Epe ertainean egin zitekeen egitasmo bat definitu ziguten, fase ezberdinetan banatuta: lurra berritzea eta bi aretoen arteko irisgarritasuna hobetzea (iaz burutu zuten), elektrifikazioak egitea, komunak ipintzea, argiteria berritzea, korua berreskuratzea... Epe luzera ere gauza gehiago zerrendatu zizkiguten, baina lan horiek definitzeke daude oraindik.

 

AGINAGAKOJAI BATZORDEA

"Estolderia lanak amaitu berri ditugu. Orain lurra eta pareten arteko erremateak egiten gabiltza”

 

Zertan aritu zarete azken asteotan?

Estolderia lanak amaitu berri ditugu: ur bero zein ur hotzaren hodien kanalizazioak egiten, eta baita ur zikinenak ere. Orain lurraren eta pareten arteko erremateak egiten gabiltza, elektrizitatearen kutxak jartzen,  eskenatokia  handitzen... Komunak nola egingo ditugun planifikatzen ere hasiak gara.

 

“Korua berreskuratu nahi dugu”

NOAUA! Korua edo bigarren pisua zena berreskuratzeko asmoa zertan da?

Aginagako Jai Batzordea: Zutabe bat mantentzen da oraindik eta hortik abiatuta berreskuratu nahi dugu korua. Egunen batean koruan zerbait egitearekin amesten genuen baina ez zen aukera erreal bat. Aginagako Bereziartua zerrategiko Joxe Antonio agertu zen arte. Gogotsu ikusi gintuen eta laguntzeko prest azaldu zen. Makinaria bazuela, diseinua egingo genuela elkarrekin eta bere laguntzarekin muntatuko genuela dena.

Origami Arkitektura Taldea, bestetik, bigarren pisuaren kalkulu estrukturala egiten ari da. Guk egin egingo dugu, dakien baten zuzendaritzapean eta laguntzapean. Eta  egindako lana legeztatzeko arkitektoen laguntza izango dugu.

 

Laguntza teknikoarekin bada ere, auzolanean segitzen duzuela esan daiteke.

Hala da. Gazteak bakarrik agertzen gara argazkitan, baina inguruko herritarren laguntza jasotzen ari gara uneoro. Iaztik hona hala izaten ari da. Garraioan, eraikuntza lanetan... Jende asko ari da partehartzen. Gu ez gara adituak eta laguntza behar izan dugun bakoitzean herritarren laguntza jaso dugu.

 

Usurbilgo udal brigada ere bertaratu zaizue laguntzera.

Orain hasiko dira. Udal brigada komunekin sartuko da jokoan. Bien bitartean, guk auzolanean jarraituko dugu eta denon artean koordinatu beharko dugu lan denak aurrera atera ahal izateko.

 

“Hemen gure borondatez ari gara lanean”

NOAUA! Lan denak amaitzeko epemuga jakin bat al duzue?

Aginagako Jai Batzordea: Aurten komunak eta korua (edo bigarren pisua) bukatu nahi ditugu. Baina data zehatz bat ezin dugu eman. Hemen gure borondatez ari gara lanean, eta jendea ez dago beti lanean aritzeko moduan. Ostiral arratsaldetan txanda bat egiten dugu eta larunbat goizean beste txanda bat. Batzuetan mantsoago gabiltza, besteetan azkarrago.

Dena den, emaitza berehalakoa izatea baino, garrantzitsuagoa da egiten dugun hori ondo egitea. Eta denek bere ekarpena egiten ari direla sentitzea.

 

AGINAGAKO JAI BATZORDEA

“Guretzat helburua bidea bera da”

 

Pandemia amaitzen denerako, zabalik egongo al da?

Bai, eta pandemia bukatu aurretik ere bai. Dena den, guretzat helburua bidea bera da. Guk gure kabuz komunitate bat eraikitzen joatea eta lan hauen bitartez elkargune bat osatzea. Orain egiten ari garena bada herria saretzeko modu bat. Eta hori gure helburuen artean dago. Eliza Zaharra itxita dago orain, baina aukera sortzen denean, ekitaldiren bat egin genezake.

 

Iazko udako Kultur Biran Oreka Tx taldekoak bertan aritu ziren, ezta?

Eta Asier Kidam magoa ere hemen izan genuen. Aforo kontuengatik, kalean beste ekitaldi batzuk ere egin genituen.