Sagardotegi Garaia

Aginaga Sagardotegia: “Denon interesa da, azken finean, neurriak ondo betetzea egoera honekin ahalik eta lasterren amaitzeko”

Jende andana hartu ohi dute Aginaga Sagardotegian urtero, eta nola ez, sagardo denboraldiaren baitan. Gipuzkoako hainbat txokotako jendeak ezautzen du sagardotegia, baina momentuz, herritarrek eta inguruko herrietako bezeroek baino ezin dute bertako esperientziaz disfrutatu.

NOAUA! Neurrietan aldaketa asko izan ditugu azken hilabetean. Nola bizi duzue sagardotegi denboraldiaren hasiera hau?

Aginaga Sagardotegia: Guri min gehien egin diguna txotxean kontsumitu ezin da, baina behintzat pitxerretan banatzen dugu sagardoa. Norberak zerbitzatzen du berea; mahai bakoitzetik bat altxa eta pitxerra betetzen du gero mahaikideei zerbitzatu ahal izateko. Txotxeko giro berezi hori falta da, baina gainontzean gure lan egiteko modua ez dute oztopatzen neurriek eta espazio aldetik ere ez daukagu inolako arazorik distantzia mantendu ahal izateko. Gu gehiago mugatzen gaitu herrien artean libreki mugitu ezin izate horrek. 

 

Bezeroen partetik errespetuzko jarrerak somatu dituzue?

Bai, jendeak errespetu osoz jokatzen du, ez dugu inolako arazorik izan zentzu horretan. Egia da jendeari sarreran azaldu egiten dizkiogula arauak eta musukoa uneoro jarrita eraman behar duela jakinarazten diogula gaizki ulerturik ez izateko, dela komunera joateko, dela pitxerra betetzera joateko. Txotxean ere ezin dutela edan esaten diegu eta zutik ere ezin dela edan. 

 

Herritarrek bakarrik joan ahal izan dute orain gutxi arte, eta orain zertxobait zabaldu da espektro hori.

Bai, hori da. Gu ez gara hilabete osoa irekita egon, horren sagardotegi handia izanda eta gainera herriaren zentroan ez egote horrek dena zailtzen die bezeroei. Autoz gerturatu beharra dago, eta hori oso muga handia da guretzat. Gipuzkoa osotik datorren jendea hartzera ohituta geunden: Elgoibar, Bergara, Billabona, Irun, Goierri ingurua… Gipuzkoa osoko bezeroak ditugu, sagardotegi handia dugulako eta urte osoan lan egiten dugulako. Bezero kopuru hori lortzea ezinezkoa da inguruko bi edo hiru herritako jendea bakarrik hartzeko aukera izanda.

 

Printzipioz irekita jarraitzeko asmoa duzue, orduan?

Bai, guk dena ondo bidean irekita jarraituko dugu. Ez daukagu arazo berezirik irekita jarraitzeko, espazioa lagun, eskatzen diren neurriak betetzeko ez daukagu inolako arazorik. Falta zaiguna txotx inguruan sortzen den giro hori da, baina orain hori ezinezkoa da eta horri ezin diogu erantzunik eman.

AGINAGA SAGARDOTEGIA

"Espazio aldetik ez daukagu inolako arazorik distantziak mantendu ahal izateko"

Giroaz hizketan ari gara. Zer nolako giroa dago orain sagardotegian? 

Familia giroa da nagusi batez ere, eta familia txikiak batik bat. Mahai bakoitzean jende kopurua oso mugatu da eta bost edo seiko familiak hurbiltzen direnean bereizi egin behar ditugu. Gehienez lauko taldetan jarri behar ditugu eta beraz, familia handi samar bat etortzen bada, seikoa adibidez, hirunaka jarri behar ditugu edo lau eta bi; hori azkenean bada muga bat. Kuadrilla handientzat ez da planik hoberena, baina agertzen dira horiek ere, eta lauko taldetxotan jartzen ditugu. Hala ere, ziur aski jendea egongo da gutxiago animatzen ari dena mahai handian sortzen den giro hori bilatu ezin duelako.

 

Instituzioen laguntza jaso duzue egoera honi aurre egiteko?

Gipuzkoako Sagardogileen Elkartetik antolakuntza jarraibide batzuk ematen dizkigute. Protokoloan aldaketak dauden bakoitzean bidaltzen dizkigute jarraibide berriak. Lanketa handia ari dira egiten uneoro behar diren neurrien berri eman eta laguntzeko. Denon interesa da, azken finean, neurriak ondo betetzea egoera honekin ahalik eta lasterren amaitzeko.