TURISMOA

Aginaga hotela: “Aste Santuari begira, bete samar dago”

Aste honetan inkesta bat egin dugu Usurbilgo landetxe eta hotelen artean. “Orain arte langile jendea etorri izan zaigu hotelera”, Aginaga hoteletik adierazi digutenez. Neurri berriei esker “aisialdiari lotutako bezeroak ere hasi zaizkigu hurbiltzen”.

NOAUA! Urtebete pasa da konfinamendua ezarri zutenetik. Pandemiak zer nolako eragina izan du zuen hotelaren jardunean?

Arantxa, Aginaga hotela: Iaz, urte osoan ez dakit bi hilabetez edo arituko ote ginen lanean ondo. Uztailean jendeak bazuen halako beldurra ateratzeko baina abuztuan ondo egin genuen lan. Urte hasieratik hona, astean zehar langileak izan ditugu eta hortxe goaz, nola edo hala.

 

Zuen sektoreari begira, egin al da dirulaguntza deialdirik?

Guk hotel gisa momentuz ez dugu ezer jaso.

 

Langilegoan eragin zuzena izan du pandemiak, ezta?

Langileak bitan aritzen gara lanean, sagardotegian eta hotelean. Sagardotegian gehiago eragin digu eta ERTEra jo behar izan dugu langileok.

 

AGINAGA HOTELA

“Ea Aste Santua eta gero lanean jarraitzeko aukerarik dugun”

 

Herrietako itxiera perimetralak ezabatu eta gero, EAEn barrena ibili gaitezke orain. Erreserba kopuruan igarriko zenuten, ezta?

Orain arte langile jendea etorri izan zaigu hotelera baina orain, neurri berriei esker, aisialdikoak ere hasi zaizkigu etortzen. San Joseko astebururako erreserba dezente izan ditugu. Bertakoek eginak, Arabakoak eta Bizkaikoak.

 

Eta Aste Santuan, handia izango al da okupazio maila?

Estatu mailako erreserba asko genituen eginak eta horiek kantzelatzen joan dira baina bertako jendea hasi da deitzen. Une honetan bete samar dago.

 

Gauzak ez badira okertzen, hotela beteko zaizue.

%100ean beteko litzateke, bai. Baina soilik egun seinalatuetan.

 

Pozgarria izango da hotela beteta ikustea.

Izugarria da. Ea Aste Santua eta gero lanean jarraitzeko aukerarik dugun. Horren esperantza dugu.