Aginagako ur zikinen saneamendu lanak hamar urtez atzeratu direla ohartarazi du Eguzkik

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 19a, 08:20

Aginagako uren saneamendu lanak hamarkada bateko atzerapenarekin bideratuko dituztela ohartarazi du Eguzki talde ekologistak, NOAUA!ra helarazi duen idatzi honetan. Lanok gehiago ez atzeratzen Usurbilgo Udala gakoa izan dela nabarmentzen dute. Gogoan izan, urte amaieran abiarazi ditzakete lanon bidez, orain arte Oriara isurtzen ziren ur zikinak Loiolako araztegira garraiatuko dira, Usurbilgo gainerako ur zikinekin egiten den moduan.

EGUZKIREN OHARRA
Aginagako saneamendua egiten hasiko dira… hamar urte beranduago!
Añarbeko Urak-ek eta URA Agentziak egunotan jakinarazi dutenez, 5,4 milioi euro inbertituko dituzte Aginagako eta Txokoaldeko saneamenduan. Inbertsio horrek ahalbidetuko du bi herri-gune horietako ur zikinak Loiolako araztegira eramatea. Kontuan izan gaur egun ur zikin horiek zuzen-zuzenean Oriara botatzen direla, Natura 2000 Sareko Babes Bereziko Eremu batean, gainera.  

“Pozik egongo zarete, ezta?”. Jakina, albiste bikaina da eta. Baina ez dugu horregatik txalo joko, behingoz hastear dauden lan horiek hamarkada luzeko atzerapenaz datozelako. Izan ere, herri-erakundeek Gipuzkoan 2007. eta 2011. urte bitartean hainbat lan hidrauliko egiteko Esparru Akordioa izenpetu zuten. Akordio haren arabera, Aginagako eta Txokoaldeko saneamenduak 2011rako bukatuta egon behar zuen.Baina ez zen horrela izan,  Jaurlaritzak ez zuelako bete lanok %75ean finantzatzeko hartu zuen konpromisoa. 2011ko epea pasa eta orain arte jarraitu du xentimorik ipini gabe. Eta horixe bera gertatu da beste hainbat saneamendu-proiekturekin,

Are gehiago, 2016an, Eguzkik publikoki salatu zuen Aginagako eta Txokoaldeko saneamendua berriro atzeratzen zela, datarik gabe, ginera. Izan ere, ez zen agertzen urte hartan onartutako Plan Hidrologiko berriak 2027ra arte programatzen zituen lanen artean. Planak aipatzen zuen, bai, beste hainbat saneamendu-proiekturekin batera, baina “erakunde arduradunen aurrekontu mugatuek” lanok 2027 baino lehen programatzea “zailtzen” zutela ohartarazita.

Zorionez ez da horrela izan neurri handi batean Usurbilgo Udala tematu delako, eta Añarbeko Urak-ek eta URA Agentziak egunotan argitaratu duten prentsa-oharrean ere hala islatzen da: “Hain garrantzitsua den saneamendu-azpiegirura hori gauzatzeko… azken urteotan biziki eskatu du Udalak”. Alegia, duda handirik gabe esan daiteke udalak direla bitarteko gutxien dituzten herri-erakundeak, eta zenbat eta txikiagoak izan gero eta bitarteko gutxiago, noski; alabaina, proaktibo jokatzen dutenean, diferentzia ezar dezakete.

EGUZKI, 2021eko ekaina

 

INFORMAZIO OSAGARRIA
Egunotan iragarritako lanen bitartez, Aginagako eta Txokoaldeko ur zikinak bildu eta Usurbilgo eta Lasarte-Oriako Intertzeptore Orokorrera bidaliko dituzte. Halaber, Intertzeptore edo kolektore nagusi horretan barrena Loiolako araztegira helaraziko dituzte, non araztuko dituzten itsasora Uliatik bota baino lehen.

Horretarako, eta betiere egunotan eman dituzten datuen arabera, 4 kilometro kolektore eraikiko dituzte, baita ponpatze-etxe bana Aginagan eta Txokoalden.

Aurrekontua 5,4 milioi eurokoa da. URAk %60 eta Añarbeko Urak-ek %40 finantzatuko dute. Dena dela, Añarbeko Urak-ek dagoeneko 800.000 eurotik gora inbertitu ditu behar diren lurrak eskuratzen eta proiektuak ordaintzen.

Lanak abenduan has daitezkeela esan dute (nahiz eta horrelako iragarpenak beti tentuz hartzea komeni den) eta gauzatze-epea 21 hilabetekoa da.