Kultur Bira

Larunbateko kultur hitzorduetan izen emateko azken eguna

Noaua Aldizkaria 2021ko uzt. 15a, 08:28

Kultur Biraren baitan larunbatean Aginagan antolatu diren Floxbinen kontzerturako nahiz Santuenean eskainiko den film proiekzio bikoitzerako izen emateko azken eguna duzue gaurkoa (uztailak 15) usurbilkultura.eus plataforman. Floxbinekin batera Idoia Asurmendiren kontzertua ere antolatua zuten Aginagan, covid19a tarteko ordea, bertan behera utzi behar izan dute. "Gogoratu, sarrerak arduraz erabili behar direla. Beraz, joatekoa ez bazara eta izena emanda bazudu, ezabatu ezazu, jendea kanpoan gera ez dadin", ohartarazi dute antolatzaileek.

Uztailak 16, ostirala
Zubieta
19:00 "Mikra" kaleko zirku garaikideko pieza Zubietako errebote plazan.

Zehaztasunak: "Generoa eta rolaren erlazioak jo-puntutzat hartuta, norbanako bezala ditugun izaerak deseraiki ditugu, eraiki dugun hori zenbateraino kultura eta inguruko “baloreetan” oinarritzen den jabetu eta agerian uzteko. Horretarako akrobazia erabiliko dugu. Garena eta erakusten dugunaren artean zenbateraino identifikatzen gara? Eta zenbateraino bizi dugu libreki gure identitatea?".
Edukiera: 100 lagun.
Izen ematea: uztailaren 14ra arte, usurbilkultura.eus plataforman.
Antolatzailea: Zubieta Lantzen.


Uztailak 17, larunbata
Zubieta
19:00 "Sagardoak Elkartzen Gaitu" zikloa: Eneritz Furyaken kontzertua, Zuboetako Astiazaran sagardotegian.

Zehaztasunak: Bertsozale Elkarteak, Musika Bulegoak eta Sagardogileen Elkarteak bertsolaritza, musika eta sagardotegia lotzen dituen “Sagardoak Elkartzen Gaitu” egitasmoa aurkeztu du uda honetarako. Hainbat kultur ekintzez gozatzeko aukera izango da sagardotegietan. Tartean, uztailaren 17an Zubietako Astiazaraneko terrazan, Eneritz Furyakek kontzertua eskainiko du.
Sarrerak: 15 euroko bonua (kontzerturako sarrera, sagardo tragoa eta pintxoa) edo 39 eurokoa (kontzerturako sarrera, sagardo tragoa, pintxoa eta afaria).
Erreserbak: sagardoa.eus webgunean.
Antolatzaileak: Bertsozale Elkartea, Musika Bulegoa eta Sagardogileen Elkartea.


Santuenea, eskubaloi zelaia (euria eginez gero, auzoko frontoian):
19:00 "Bihurri: Jauretxetik kale gorrira".
Zehaztasunak: "Istorio xarmagarri eta balioz betea da, bat-batean kale gorrian geratu den txakur aristokratiko bati eta abeslari eta musikagile izan nahi duen neska gazte bati buruzkoa. “Bihurri” izeneko txakurra da gure protagonista. Haren jabe aberatsa bat-batean hil eta gero, “Bihurri” hiri handiko kaleetan abandonatuta eta bakarrik aurkituko da bizitzan lehen aldiz, Zoe neskato gazteak bere etxera eramaten duen arte. Bestalde, andre zahar milioidunak bere ondasun guztien oinordeko izendatu duenez, haren iloba diru-goseei iheska ibili beharko du txakurrak, herentzia berenganatzeko erabili nahi dute-eta".
Edukiera: 43 lagun.
Izen ematea: doan uztailaren 15a baino lehen, usurbilkultura.eus plataforman.
Antolatzailea: Santuenea Elkartea.

21:15 "Figuras ocultas".
Zehaztasunak: "60ko hamarkadan (espazioa dominatzeko lasterketa-betean, eta AEBko beltzen eskubide zibilen borroka puri-purian zela) NASAn aritu ziren hiru emakumezko zientzialariren bizitza kontatzen du filmak. Hiruak ala hiruak John Glenn astronauta orbitaratzeko proiektuan jardun ziren".
Hizkuntza: gaztelania.
Edukiera: 43 lagun.
Izen ematea: doan uztailaren 15a baino lehen, usurbilkultura.eus plataforman.
Antolatzailea: Santuenea Elkartea.

Aginaga
22:00 Kultur Bira Aginagan: Floxbin kontzertuan, Aginagako Eliza Zaharrean.
Zehaztasunak: "Floxbin 2013an sortutako talde usurbildarra da. Metal estiloa ardatz duten abesti indartsu eta hitz zorrotzekoak dira eurenak".
Edukiera: 65 lagun.
Sarrerak: uztailaren 15era arte, usurbilkultura.eus atarian (herritar bakoitzarentzat gehienez 2 sarrera).

Informazio gehiagorako eta egitarau osoa: usurbilkultura.eus
Antolatzaileak: Kalezar, Aginaga, San Esteban, Atxegalde, Santuenea eta Usurbilgo jai batzordeak; Xauxar Txosna Batzordea; Ziortza K.E.; Hitz-Aho Udarregi Ikastolako guraso elkartea; Usurbilgo Udala; NOAUA! K.E.