Aginagako Eliza Zaharra auzolanean eraberritzen aritu direnak, txukun asko jarria zuten gunea ostiral arratsalde honetan, barrutik ezagutu nahi zutenei harrera egiteko. Eta ezustean, urteotan egindako ahaleginagatik Aginagako herriak omendu nahi izan ditu. Gune eraberrituko oholtza gainera igo dira, zapi bana jantzi lepoaren bueltan eta "herri bat hegan egiteko prest" zioen oroigarria jaso dute omenduek eskertza eta aitortza moduan, "komunitate honen balore berriak sustatzen dituelako". Etorkizuneko aginagarren belaunaldiaren eskertza bertsotan jaso dute. Albiste honi atxikitako bideoan duzue guztia.
Auzolan horretan aritu diren "Aginagako gazte eta ez hain gazteek lan talde bikaina osatu dute eta hauxe egin dute". Emaitzarekin gustura, "elegante geratu da benetan; praktikoa, funtzionala, gustu handiz egina... Gu bai ibiliko gara gustura", zioten ekitaldia aurkeztu duten Amaia Bereziartua eta Aitziber Aranguren aginagarrek.
Elkargune berriak izango dituen erabilera ezberdinak ekarri dituzte gogora; "ikastaroak, antzerkiak, zinea, gazteak, umeentzako txokoak..." denetarik antolatu asmo dute.
"Bidaide izaten jarraituko dugu"
Omenaldi honetara batu da baita Usurbilgo udal gobernu taldea ere. Taldearen izenean hartu du hitza Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkateak. Ohiko ekipamendu batetik haratago doa bere esanetan, Aginagako Eliza Zaharra. "Herri elkargune izan nahi du. Aginagarren topagune, kulturaren arnasgune eta herri eraikuntzarako sorkuntza gune".
Legealdi hasieran, eraikina eraberritzeko aginagarrek Origami herriko arkitekto taldeari eskatutako aurreproiektua aurkeztu zioten udal gobernu taldeari. "Ez gatoz Udalak egin dezan eskatzera", adierazi zutela eta "aho bete hortz geratu ginen, ez baita ohikoa". Udalari beharrezko zailtasun uneetan eskatuko ziotela laguntza adierazi zieten. "Nola ba ezetz esan auzolanari, halako herri proiektu eder bati". Aurtengo aurrekontuetan 50.000 euro inguru bideratu ditu Udalak egitasmo honetara. Horrekin batera, udal brigada lankidetzan aritu da aginagar taldearekin. "Ez dakit benetan ba ote dagoen ezer ederragorik halako lankidetza baino, bakoitzak beretik emanez, herri proiektu baten mesedetan. Horixe da herrigintzaren muina, herrigintzaren izana eta herrigintzaren funtsa. Herrigintza eta auzolana hizki larriz idatzi eta praktikara eraman duzue eta horixe da gaur arnasten ari garena".
Orain arteko lankidetza hemen ez da amaitzen alkatearen esanetan; "bide eder honetan bidaide izaten jarraituko dugu". Gazteak goraipatu ditu alkateak. "Garai nahasi hauetan ahoz aho dabilzkigu gazteak, behar bada ahaztuta gazteak subjektu politiko aktiboak direla eta etorkizuna eraikitzen protagonistak izan behar dutela. Gazteekin merezi duten solaskidetza eraikitzen denean emaitza hauxe da; Aginagako herri elkargunea. Gazteen potentzialtasuna, freskotasuna, errebeldia, ausardia, konpromisoa, ikusi nahi ez duenak arazo larria du. Gu alboan izango gaituzue herri hobe baten ikusmiran. Udal gobernu osoaren izenean, aupa gazteak eta aupa Agiña!".