Argitsua, ederra, garai bateko egitura mantendu eta berreskuratuta, erabilera berrietarako prest da Aginagako Eliza Zaharra. Aginagarrek zahar berrituriko eraikina, ostiral arratsalde honetan zabaldu dute, hain zuzen herrigunea Kultur Biran murgiltzen hastera zihoan unean bertan.
Eraberritze lanetan aritu direnekin, bisita gidatu modukoa egin eta segituan ikusi ahal izan dugunez, hiru eremu berezitu izango ditu eraikinak. Batetik, oholtza izango duen gune nagusia, denetariko emanaldietarako esaterako. Abesbatza kokatuko zen goiko solairua, besteak beste, ludotekarako baliatu nahi dute. Hirugarren areto bat ere badute, laster altzariez hornitu eta biltegi nahiz bilera gela gisa erabili nahi dutena.
Bistan denez, kultur ekipamendu hutsetik haratago doa Eliza Zaharrari eman nahi dioten erabilera; aginagarren herri elkargunea izan nahi du. Erabilera anitzekoa, irisgarria.