Jai eguna gaur Aginagan; urriak 4 ditu eta, San Praixku. Bigarren urtez ordea, ezohiko moduan ospatu behar. Iaz baino "normalxeago" baina oraindik ezin erabat betiko legez bizi. Halere, asteburua Kultur Biran murgildua bizi duten Aginagan hainbat ekintza iragarri dituzte gaurko.
Belaunaldi gazteen nahiz helduenen eguna ospatzen ari dira astelehen honetan. Irudiok horren lekuko. Goizean, San Praixku Guraso Elkarteak antolaturiko jolasetan ezinhobeto pasa dute, eskolan jai zuten aginagar gaztetxoek. Haiei begira izan dira, meza ostean, pilotalekura gerturatu edo handik igarotzen ari ziren herritar helduenak. Denak, Aginaga Sagardotegira bidean. Jai Batzordearen eskutik, bertan sukaldatutako hamaiketako ederra dastatzeko tartea hartu dute, bertsolariek girotu duten hitzorduan.
Karaokean abesten igaroko dute bazkalostea, eta toka txapelketa iragarri dute arratsalderako. Aurtengoz, Kultur Bira amaitzeko azken ekintzak.