Azaroak 1

20 gorpu aterako dituzte Aginagako hilerritik, Osasun Sailaren baimenarekin

Noaua Aldizkaria 2021ko aza. 1a, 11:31

Izatez Udalak covid19-ak eragindako osasun krisialdia gure artera heldu aurretik abiatu zuen prozedura gauzatuko du orain.

Usurbilgo Udalak ohartarazi duenez, 20 gorpu aterako dituzte datozen asteetan Aginagako hilerritik, "Osasun Sailak horiek deshobiratzeko baimena eman ostean". Koronabirusak eragindako osasun krisialdia lehertu aurretik abiatu zuten prozedura. "Izatez, covid19aren osasun krisiak eztanda egin aurretik abiatu zuen Udalak Aginagako hilerria husteko ohiko prozedura, leku faltagatik: 10 urtetik gora bertan daramaten gorpuen familiei hilabeteko epea eman zien berreskuratu edo udalaren kargu uzteko". 

Orain, "Osasun Sailak gorpu horiek deshobiratzeko baimena jaso berri du Udalak, eta, beraz, datozen asteetan ekingo dio lanari. Hala, ohi bezala, gorpuak erraustu eta errautsen parkean zabalduko dituzte".