Hilabete honetan hasiko dira Aginagako kolektorearen obrak egiten

Noaua Aldizkaria 2021ko aza. 11a, 12:49

Aginagako saneamendua osorik egiteko akordioa erdietsi dute Euskal Ur Agentziak eta Añarbeko Mankomunitateak, eta hil honetan hasiko dira obrekin. Osinalde eta Aginaga arteko ur zikinak Loiolako araztegiraino eramateko azpiegitura nagusia eraikitzea dute helburu obrek, eta, aurreikuspenen arabera, 22 hilabete beharko dituzte lanak egiteko: 5,4 milioi euroko inbertsioa izango da.

2019ko otsailean jada onartu zuten bi erakundeek Aginagarako saneamendu proiektua. Hiru fase definitu zituzten, baina lehenengo biak soilik egitea adostu zuten, hirugarrena gauzatzeko bermerik gabe. Udalak hiruak batera egiteko eskatu izan die, eta, azkenik, Urak-ek eta Añarbek aurten adostutako hitzarmenean hiru faseak barne hartzea lortu du. 

 

Lehenengo fasean, HUPE Hondakin Uren Ponpa Estazio bat eraikiko dute Txokoalden, eta Osinaldeko HUPErekin lotu; Txokoaldekoaren bitartez, bertako eta Santueneko isuriak Osinaldeko sistema orokorrera eramango dituzte. Bigarren fasean, Txokoaldeko eta Aginagako HUPEak lotuko dituzte. Aginagako kaxkoko isuriak jaso, eta Aginagako HUPE berritik Txokoaldekora eramango dituzte, Oria ibaia gurutzatuta. Hirugarren fasean, Aginagako erriberan kolektore nagusia egingo dute, eta kolektore horri hainbat hodi jarriko dizkiote, gero udalak egingo duen proiektuaren bitartez, Aginagako etxebizitzetara konektatu eta ur zikinak jasotzeko.

 

Inbertsio esanguratsua da egingo dutena, obra osoaren kostua 5,4 milioi eurokoa baita: kostuen %60 Urak-ek hartu du bere gain, baita kontratazioa eta obra zuzendaritza ere; Añarbek gainerako %40 finantzatuko du. Obraren hiru faseak Osinalde industriagunea, Txokoalde eta Aginaga dira obren hiru gune nagusiak: guztien ur zikinak jaso eta Loiolako araztegira bideratzea da helburua. Txokoalden euri urak eta ur zikinak bereizteko azpiegitura eraikia dute 1997ko uholdeez geroztik, baina ur zikinak jasotzeko azpiegitura falta dutenez, batzuek zein besteek Oria ibaian bukatzen dute.