NOAUA! Joan zen urtean, NOAUA!k urtero San Tomasetan antolatzen duen babarrun eta sagardo lehiaketan garaile izan zinen sagardoan. Aurten ere parte hartuko duzu?
Imanol Zarautz: Printzipioz asmo hori dugu, bai. Azken momentura arte ez dugu jakingo, baina asmoa badugu.
Nolako sagardoa da aurtengoa?
Joan zen urtekoaren oso antzekoa dela esango nuke nik. Etxerako, behintzat, gure gustoko sagardoa egitea lortu dugu. Freskoa eta ona etxe batean kontsumitzeko. Publikoarentzat ona izango den? Zaila da denen gustokoa egitea, baina guretzat ona dago.
Joan zen urtean bai, baina gehiagotan ere irabazi izan duzu? Zein da zure sekretua?
Zazpi bat aldiz eman nuen izena duela urte asko, eta baziren hainbat urte ez ginela animatzen. Joan zen urtean, berriz probatzeko izena eman, eta lehen saria; halaxe tokatu zen. Garbitasunean dago sekretua, nire ustez. Horri garrantzia handia ematen diogu, eta mimoz lan egiten dugu. Sagastiak ondo zaindu behar dira sagardo ona egiteko, eta sagarrak biltzetik sagardoa egitera dagoen prozesua ere zaindu egin behar da. Ilbeherak eta ilgorak kontuan izanda, gure arbasoen usadioak jarraituz egiten da sagardorik onena.
Joan zen urtean aipatzen zenigun sagardoa aurkeztutako guztiek San Tomas azokan postuetan botatzen jartzea ideia ona irudituko litzaizukeela. Oraindik ere hori pentsatzen jarraitzen duzu?
Bai, dudarik gabe. Gisa horretara gertutasun gehiago sor liteke ekoizle eta dastatzaileen artean, eta iritziak ere zuzenean jaso ditzakegu. Asko gustatzen zaigu iritzi onak eta laudorioak jasotzea, baina horren ona ez badago ere feedback hori jasotzea ere interesgarria izan daiteke zer hobetu jakiteko. Azoka baterako produktuak aurkezten dituzunean, ekoizleak aurrera pausoa eman behar duela iruditzen zait. Ez sagardoarekin bakarrik, hori produktu guztiekin egin beharko litzateke. Jende askok uste du hori denbora galtzea dela edo ez dagoela hori egiteko beharrik, baina niri ideia ona iruditzen zait.
Aurtengoan ere irabazteko aukerak dituzula uste duzu?
Zaila da esaten. Usurbilen maila handia dago sagardoa egiten duten baserrietan. Oro har, urtetik urtera geroz eta sagardo hobea egiten du jendeak. Urte askotan eman dugu izena San Tomaseko txapelketan eta joan zen urtean irabazi bagenuen ere, gainontzeko aldietan onenen artean agertu ere ez ginen egiten. Kalitatezko sagardoa egiten da herrian eta kantitate handietan. Usadio eta zaletasun handia dago baserrietan sagardoa egiteko eta hor zaila da goren mailan egoten beti, modu ez profesionalean, behinik behin.
SAN TOMAS AZOKAKO LEHIAKETA
Abenduaren 19an egingo den Azokako lehiaketan parte hartzeko, babarrunak eta sagardoak NOAUA!ren egoitzan utzi beharko dira.
Ekarri beharrekoa:
Kilo bat babarrun (12 euro ordainduko da).
8 sagardo botila (Botilako 1´5 euro ordainduko da).
Epea: abenduaren 9an, 10ean edota 13an.
NOAUA!ko ordutegia: 8:00-13:00 / 16:30-18:30.