2022-23 ikasturterako matrikulazioa

Aginagako Eskola: “Familia giroko eskaintza goxoa dugu, hartueman gertukoa”

Noaua Aldizkaria 2022ko urt. 25a, 08:49

2022-23 ikasturterako matrikulazio kanpaina betean dira Aginagako Eskolan. Hurbileko hartuemanetan oinarrituriko hezkuntza komunitateaz, duten eskaintzaren berri eman digu Leire Salaberria zuzendariak.

Zer du eskaintzeko Aginagako Eskolak matrikulatzera datorrenari?
Leire Salaberria: Familia giroko eskaintza goxoa, hartueman gertuko eta egunerokoa familiekin. Proiektuka lan egiten dugu, umeen interesetatik abiatuta, sortzen diren gaiak hartu eta horiek jorratzen ditugu.

Nola kudeaten duzue matrikulazio kanpaina?
Telefonoz hitzordua eskatu eta hona datozenean, betebeharreko agiriak ematearekin batera, eskolaren funtzionamendua erakusten zaie ikasleak bertan daudela, eskola bizirik ikusteko; nola dauden lanean, jolasean, zer harreman duten, elkarri nola laguntzen dioten, adin aniztasun hori ikusten da…

Ikasle kopuru aldetik eskola bizirik da?
Une honetan 43 ikasle ditugu. Zaila da aurreikustea ze bilakera izango duen, baina guretzat 40 bat ikasle izateak lan egiteko modu polita eskaintzen digu.

Eskolaren bueltako komunitateak garrantzia berezia du zuentzat?
Erdigunean dago, harreman polita dugu gurasoekin, zaharren egoitza bertan dugu, ostatua ere bai. Eliza Zaharra auzolanean eraberritzen ari diren gazteekin ere bai; erabiltzeko aukera dugun Eliza Zaharra auzolanean berritzen ari dira auzolanean. 

Matrikulazio garaia bigarren urtez osasun krisialdi betean. Eskola proiektua osoki garatzen segitzea zaildu du?
Txikiak izanik eskola handiek baino baldintza hobeak ditugu burbuilak antolatzeko edo irterak egiteko garaian. Inguruko hainbat eskoletan irteerak bertan behera utzi behar izan zituztela entzuten zen 2020-21 ikasturtean, guk horiek aurrera eramateko aukera izan genuen, kopuru txikiko taldeak ditugulako. HH eta LHko ikasleek ezin izan dute elkarrekin ibili bi burbuila direlako eta horrek zailtasunak sortu ditu.

Bi urteren ostean zer moduz zaudete?
2020-21 ikasturtean eskola kezka handiz ireki genuen berriz, ikasgelak itxiko ote zizkiguten, ia ikasleak konfinatuko ziren, eta ezjakintasun horrek urduritasun handia sortzen du. Lehenengo urtea nahiko gogorra izan zen. Orain jada nekatuta gaude, burokratikoki bete behar ditugun protokolo eta jarraibide horiekin guztiekin. Gainkarga bat sortu zaigu. Ikasleen artean ere harreman batzuk moztu egin dira bi burbuila izanik, batzuk ezin dira besteekin harremanetan jarri eskolako orduetan. Emozionalki ikasle batzuk badakigu ez dutela hain ondo pasa. Musukoen erabilerak ere eragina du. Egoera ez da erraza. Moldatzen goaz. 

Protokolo aldaketa asko sufritu dituzue, azken aldian are gehiago.
Familiek askotan ez dakite nola jokatu, haurrekin nola antolatu. Ezjakintasun handia dago. Protokoloak aldiro aldatzen doaz. Zaila da. Oso gainean egon behar dugu, zer jarraibide eman jakiteko. Neketsua da. Askotan geratzen zara nola jokatu behar jakin ezinik, gomendioak emanez familien galderei erantzun ezinik. Ezin dugu medikuen rola bete. Egoerak gainezka egin digu orohar. Eskerrak eskolako egoeran pentsatzen duten familia jatorrak ditugula.

Komunitate horren balioa inoiz baino ageriagoan geratuko da orain.
Ahalik eta eragin gutxiena eragiten saiatzen gara eskolari langileok eta familiek. Zaintza hori badago bai familien eta zentroaren aldetik.

Osasuna eta hezkuntza oinarrizko bi alor ditugula agerian geratu da.
Biak goraipatu behar dira, ze lan egin den bi ogibideetan. Horretan inbertitu behar dugu.

“Gustura segiko genuke hemen”
Azken ikasturtea dute Aginagako Eskolan, hurrenez hurren LH5 eta LH6an ikasten ari diren Udane Larburu Kaperotxipik eta Irati Murua Bereziartuak. “Aukera izanez gero gustura segiko genuke hemen”, adierazi diote HH-tik eskolako ikasle izan direnek NOAUA!ri, Aginagak halako eskola bat behar duela baieztatuta, “jende dezente bizi baikara”. Haien bizitzaren erdigunea izan da eskola urteotan. “Aginagan egiten dugu bizitza; eskolan, frontoian”. Gertu baita harremantzeko ere. “Gutxi garenez, denok elkar ezagutzen gara, irakasleak oso jatorrak ditugu”, adierazi digute. Hamaika bizipen eramango dituzte eskola uztean. Gustukoen irteerak dituzte, “denetan ondo pasatzen dugu”.

Bi urte betetzear den osasun krisialdi honek eragin die eskolan. Nabari dute aldaketa bai, protokoloek behartuta. “Azken urteotan txikiekin ezin dugu egon, beti burbuilak mantentzen ari gara”. Gainerakoan, “musukoekin agobio pixka bat bai, batzuetan burukomin pixka bat jartzen zaizu, baina bestela dezente ondo” moldatu direla diote. Lehen musukorik gabe atera zitezkeen kalera, baina “orain kontu handiagoz ibili beharra dago, badaezpada”, diote. Dagoen egoeraren jakitun, momentuz birusa “eskibatzen ari gara” gaineratu digute.