Auzolanean eraberrituriko Aginagako Eliza Zaharra kultur elkargune gisa dinamizatzen segiko dute etorkizunean. Urrian ireki zuten espazioa kontzertu gauen eremuan bilakatuko da hurrengo asteotan. Lehen kontzertu gaua, larunbaterako, otsailaren 19rako iragarri dute elkarguneko kudeatzaileek. Herriko sortzaileen gaua izango da. Hasteko, Maddi eta Elenek emanaldia eskainiko dute. Segidan, Odolaren Mintzoa taldeak bere laugarren diskoa, "Hauskor" izenekoa aurkeztuko du. Eliza Zaharra elkarguneak larunbat gaueko 22:30etarako antolaturiko hitzordurako sarrerak salgai dituzue jada 8 eurotan usurbilkultura.eus plataforman.
Jokin Irastorzak, Beñat eta Joanes Txuekak eta Luken Arkarazok iragarria zuten moduan plazaratu dute abesti bilduma berria. Euskarri fisikoan nahiz digitalean entzun ditzakezue laukotearen sortze lan berriak. Online bidez, esteka honetan: Odolaren Mintzoa. Usurbilen Aitzaga eta Txirristra tabernetan eskura dezakezue 10 eurotan.
"Burua tente", "Biluzik", "Azken hondartza", "Eredu berria", "Ispilua", "Dos pueblos una voz", "Katea" eta "Azkenak". Kantu berrien izenburuak dituzue horiek guztiak. "Azkenak" ezagunagoa izango zaizue bati baino gehiagori, aurrerapen kantu gisa aurkeztu baitzuen taldeak berriki sareratu zuen bideoklip bidez.
"Arrakaletan igerian"
Usurbilgo sortzaileen kontzertu gauaren ondotik, Euskal Herriko sortzaile gehiagoren oholtzan bilakatuko da Aginagako Eliza Zaharra elkargune berritua. Martxorako emanaldi gehiago iragarri dituzte; hilaren 19rako eta 26rako. Martin de Marte eta Skasti talde zarauztarrak hilaren 19rako, eta Kaleko Urdangak eta Unidad Alavesa taldeek joko dute martxoaren 26an. Kontzertu gau guztiotarako sarrerak salgai dituzue usurbilkultura.eus plataforman.
KONTZERTU GAUAK AGINAGAKO ELIZA ZAHARREAN
Otsailak 19, larunbata
22:30 Kontzertu gaua: Maddi eta Elene eta Odolaren Mintzoa.
Izen ematea: 8 euro, usurbilkultura.eus plataforman.
Martxoak 19, larunbata
22:30 Kontzertu gaua: Skasti eta Martin de Marte.
Izen ematea: 5 eurotan usurbilkultura.eus plataforman.
Martxoak 26, larunbata
22:30 Kontzertu gaua: Kaleko Urdangak eta Unidad Alavesa.
Izen ematea: 10 euro, usurbilkultura.eus plataforman.
Antolatzailea: Aginagako Eliza Zaharra Elkargunea.