Maddi eta Elene eta Odolaren Mintzoa taldeekin, kontzertu gaua larunbatean Aginagan

Noaua Aldizkaria 2022ko ots. 18a, 08:58
Argazkia: Ibai Arrieta.

Orain arteko ibilbideari muzin egin gabe baina doinu eta hitzetan jauzi kualitatiboa emanda bueltan datoz Jokin Irastorza, Beñat eta Joanes Txueka eta Luken Arkarazo, bestela esanda, Odolaren Mintzoa. Lau urteko isiltasuna apurtuz, “Hauskor” izeneko disko berriarekin. Ilusio berriturik, egunotan plazaratu ostean Aginagan aurkeztuko dute kantu bilduma berria larunbat honetan. Maddi eta Elene herriko musikari bikoteak ekingo diote kontzertu gauari 22:30etan Aginagako Eliza Zaharrean. Sarrerak usurbikultura.eus plataforman eskura ditzakezue.

Azken lanetik hona lau urte igaro dira. Kontzerturen bat salbu, barne lanketan aritu zarete?
2017an “Etsipenaren aurka” lana kaleratu genuen eta diskaren bueltan kontzertuak eskaintzen aritu ginen 2018an zehar. 2019an disko berrian txertatu dugun “Dos pueblos una voz” abestia plazaratu genuen. Pandemia aurretik azken lana kaleratu eta gero nahiko geldirik geunden, erdi uztekotan. Kultur Biran kontzertu bat eman ostean 2020ko irailean Artzabalen bazkari bat egin ordea eta kantak bazeudela ikusita berriz serio hartzea erabaki genuen, lan berri bat kaleratzeko asmoarekin. Igaro den abuztura arte kantak sortu eta proiektua garatzen aritu gara.

Bazkaria egin zenuten unean osasun krisialdi betean ginen. Sortzaileontzako garai zaila. Halere erraz erabaki zenuten testuinguru horretan aurrera jotzea?
Argi genuen ez genuela kontzerturik eskaini nahi jendea eserita zela. Ahal zen denbora gehien itxaron dugu diskoa ateratzeko. Egia da egun oraindik egoera kili-kolo dagoela eta hilaren 19ko geure aurkezpena ere hor dago, baina behintzat publikoa zutik dela kontzertua eskaintzeko aukera izango dugu eta aurrera jotzea erabaki dugu. Tarte horretan, LABI-a biltzekoa da eta agian kontzertuaren baldintzak alda daitezke.

Zer eragin du zuentzat publikoa zutik edo eserita ikusteak?
Taldearen eta publikoaren arteko nahi eta ezin bat izan da. Kultur Biraren baitan Aginagan jo genuenean jendea eserita ikusten genuen, aulkiari helduta, altxatzeko grin horrekin baina ezin. Formatu horrek alde onak ere bazituen. Eserita egonda jendeak emanaldi osoa ikusten zuen. Gainerakoan, talde gisa uztekotan ginenez, pandemia hausnarketarako ondo etorri zaigu.

Inflexio puntu modukoa bizi izan duzue?
Zertan ari garen hausnartu, kanta berriak sortu eta aurrera jotzeko. Gezurra badirudi ere ondo etorri zaigu guri behintzat. Pandemia aurretik hor ginen kontzertuetan kantuen zerrenda berari bueltak ematen.

“Hauskor” izena du zuen laugarren lanak. Emozioen aurkikuntza lana?
Gure letrak beti izan dira emozioei lotutakoak, baina diska honetan letretan inoiz baino arreta gehiago jarri da eta inoiz baino testu landuagoak daude. Jauzi kualitatibo nabarmena eman dugu. Disko kontzeptuala da. “Hauskor” izenarekin kantarik ez dago, baina letrek hauskortasunaren inguruan zentzu zabalean hitz egiten dute. Lan berriak ditugun ahultasunak, arrakalak aztertzea izan du helburu. Aurreko lana, “Etsipenaren Aurka” gehiago zen mundua aldatzeko deiadar positibo bat kanpora, baina mundua aldatzen hasi baino lehen agian gu hasi behar gara barrura begiratzen. Geure burua aztertu eta kontziente izaten, aldaketak lehenengo barrutik hasi behar duela, hori litzateke diskoaren hausnarketa.

Sarritan zaila egiten zaigun hauskortasuna adierazteari lekua eman diozue beraz zuen lan berrian. Zaurgarritasuna aldarrian bilakatu duzue.
Zaurgarritasuna da hitz gakoa. Zaurgarriak garela zentzu afektiboan, laboralean, nork bere buruaz duen irudiari, gure bizi ereduari, gizontasunari dagokionez… Gai horiek guztiak lantzen dira letretan. Aipatu izan digute aurreko lanak “Etsipenaren Aurka” izena zuela, oraingoak “Hauskor”, denak direla zentzu negatibo batean. Baina ikuspegi positiboan ikusten genuela guk esan genion, kantetan kritika eraikitzailea dagoela. Adibide moduan, diskoko bigarren kantak “Biluzik” izena du. Bertan adierazten da kontzeptu batzuei gizartean zentzu negatiboa ematen diegula. Zaurgarri izatea ahultasunarekin lotzen dugula, baina zaurgarri izateak indargune bat ere erakusten du, kontziente izatea inor ez dela perfektua. Esaldi bat badago “samurtasunaren handitasuna, galtzailearen garaipena” dioena. Askotan enpatikoa izateak baduela garaipen bat, horretan huts egiten dela. Horren aldarria da kanta. Abesti oso alaia da.

Taldearen eboluzio horren baitan kokatzen duzue diska hau edo orain arteko bidearekin hausten du? Taldea nola harrapatzen du laugarren disko honek?
Eboluzio baten parte da. Denborarekin esperientzia hartzen zoaz eta gauzak hobetzen ahal den neurrian. Eta abesti berriak ateratzen diren unetik hor nobedadeak badaude. Estiloan jarraipen bat dagoen arren, gure zalea izan denak jakingo du aztertzen badaudela ñabardura asko. Badaude kanta batzuk Odolaren Mintzoaren adierazgarriak direnak baina beste batzuk ez. “Singela” entzunda oso poperoak bilakatu garela dirudi. Baina kanta hau, “Azkenak” izenekoa ez da diskoaren erakusgarri bat inondik inora ere. Abestietan ere jauzi kualitatibo bat ere bada, bai teknikoki jotzeko orduan. Erritmoetan bizitasun gehixeago dago. Odolaren Mintzoa landuago eta helduago bat ikus daiteke. Erlojuz kontra gabiltza zuzenekoa prestatzen. Kostatzen ari zaigu, konposizio batzuk desberdinak baitira, landuagoak eta gehiago exijitzen digu instrumentu jotzaile gisa.

Aurrerapen moduan, “Azkenak” abestiaren bideoklipa sareratu duzue. Argi ikus daiteke zuena Usurbilen txertaturiko taldea dela. Herri auzolanean eginiko beste sortze lan bat.
Odolaren Mintzoa zerbait bada talde usurbildarra da. Nahigabe egin dugun zerbait da. Laurok gara koadrilakoak, herrian bizitza egin dugunak. Non egingo dugu bideoklipa? Usurbilen bezalako leku batean, non edozer egiteko baliabideak eskura dauden. Buruhausteak eragin zizkigun bideokliparen grabaketak, hiru deialdi egin behar izan genituen covid19agatik. 40 lagun, larunbat gau hotz batean. Hor ikusten da jendeak taldearekiko duen konpromisoa, haiek gabe Odolaren Mintzoa oraindik bizirik egotea ez zen posible izango. Jarraitzaile fidelak izan ditugu urteotan. Jendeari protagonismo pixka bat ematen saiatu izan gara bideoklipetan. Haiei eskerrak eman deialdia egin eta parte hartzeko beti prest daudelako.

Zergatik hautatu zenuten “Azkenak” aurrerapen bideokliperako?

Hauskortasunaren ideia horren baitan, guztia laburbiltzen duelako bere baitan. Oso abesti parte hartzailea da publikoarentzat, bukaerako errepika dela eta. Publiko osoa kantatuz amaitzen dela ikusita, bideoklipa ere asko jantziko zuen irudipena genuen eta hala atera da. Gure alde popero sentikorrenarekiko harrotasuna adierazteko modu bat izan da. Hainbeste urteren ondoren, behar genuen hasieratik jendea erakartzeko amua.

Bideoklipa bera ere autoekoizpenean jorratu duzuen bidearen isla izango zen.
Besterik ez dugu egin. Odolaren Mintzoa lokatzetan ibili den taldea izan da beti. Oraingoan Elkarrek eskua bota digu baina gainerakoa gure gain doa. Eskertu lerrootatik, denean laguntzen aritzen diren Pako Agudo eta Antton Pagola. Unai Aranak egin digu berriz diseinua. Izena, testuaren ideia oso ondo lotu du azalarekin. Bideoklipa Luis Jambrinak grabatu du. Promozioko argazkiak Ibai Arrietarenak dira. Irudiaren bidez ere aldaketa bat bilatzen genuen eta Ibaiek horretan ondo jakin du asmatzen. Garate estudioetan grabatu dugu lan berria, Kaki Arkarazoren gidaritzapean.


Asteotarako bi hitzordu finkatu dituzue.
Otsailaren 10ean diskoa eskuragarri izango da. 9 egun izango ditu entzuleak kantak zertxobait ikasteko, entzule amorratuek abestiak buruz ikasteko ere bai. Hilaren 19an Aginagako kontzertua. Bizpahiru kontzertu lotuak ditugu. Promozio lanetan ari gara.

Estreinako kontzertua Aginagako elkargune eraberrituan.
Lehen Eliza Zaharra oso txukuna bazen, orain auzolanean egin duten lan puskarekin, guretzat ohore handia izango da lehen kontzertua bertan eskaintzea. Guretzat beti izan da leku berezia Aginagakoa. Gure kontzertu berezienetarikoak han eman ditugu. Berriz hara bueltatuko gara. Betikoak bilduko gara baina ilusio berrituak. Elene eta Maddi herriko bi musikari oso gazte baina era berean proiekzio handikoak bertan izango dira. Animatu Aginagara!

Bi hitzordu
Otsailak 10, osteguna
Lan berria eskuragarri fisikoki nahiz digitalki.

Otsailak 19, larunbata
22:30 Kontzertu gaua Aginagako Eliza Zaharrean: Maddi eta Elene eta Odolaren Mintzoaren “Hauskor” lan berriaren aurkezpena.
Sarrerak aurrez usurbilkultura.eus plataforman.
Antolatzailea: Eliza Zaharra elkargunea.