Usurbil 1936

"Joxe Mari Furundarena Begiristain, izan zinelako gara"

Noaua Aldizkaria 2022ko mar. 19a, 15:44

1936ko gerran fusilatu zuten Joxe Mari Furundarena Begiristain aginagarra omendu du gaur bertako hilerrian, memoria historikoa lantzen ari den Usurbil 1936 elkarteak. Senideak, herritarrak eta udal ordezkariak bertaratu dira hitzordura. Bere hilobian oroigarri bat jarri diote, aurresku, lore eskaintza, errezitaldi eta hainbat kideren hitzen artean.

Aginagako hilerria, memoria historikoa berreskuratu eta omenaldi eremuan bilakatu du larunbat honetan Usurbil 1936 elkarteak. Herri bilguneari izena ematen dion 1936ko gerran faxistek fusilatu zuten Joxe Mari Furundarena Begiristaini gorazarre egin nahi izan diote bere hilobian. "Joxe Mari Furundarena presente dugu, eta ekitalditxo hau Usurbilek eta Aginagak egiten dioten aitortza da", Usurbil 1936 elkartetik adierazi dutenez. Aitortza, "egiaren, justiziaren eta erreparazioaren bidetik".

Gaurko hitzorduarekin elkartea sortu zutenetik eskuartean izan duten erronketako bati heldu nahi izan dio Usurbil 1936 elkarteak; "omenaldi xumeen bidez herriko fusilatuak gogora ekartzea, euren bizitzak eta oroimena desager ez daitezen". Ez Furundarena ezta gerra haren ondorioak sufritu zituzten gainerakoenak. "Ezin ditugu ahaztu gainerako fusilatuak eta bereziki gure herrikoak. Haietako gehienak ez dakigu non dauden, beraien gorpuzkinek desagertuak jarraitzen dute".

Iraileko herri omenaldian nabarmendu zituzten ezagunak zituztenak; Furundarenarekin batera, Kosme Yaguez, Joxe Galarmendi, Romana Zubiria, Bautista Aginaga, Jose Heredero eta Patxi Aizpurua. Eta gehiago. "Horiek dira dakizkigunak momentuz baina auskalo gehiago ez ote diren. Usurbil 1936 elkarteak jarraituko du beraien konpromisoa eta eskuzabaltasuna zabaltzen eta gogoratzen".

Herrikideokin batera, "gaurko ekitaldia, memoria guneen berreskurapenaren bidetik doa" eta ez da azkena izango. "Etorriko dira omenaldi eta ekitaldi gehiago, hori da gure xedea eta horretan jarraituko dugu".