Usurbil 1936

"Ez da egon inoiz ahaztua baina bai hor ezkutuan gordea"

Noaua Aldizkaria 2022ko mar. 19a, 15:32

Faxistek 1936ko gerran erahildako Joxe Mari Furundarena omendu dute larunbat honetan bere Aginagako hilerriko hilobian. Bertan ziren senideek hamarkada luzez isildu zaien hitza hartu dute.

1936ko gerran faxistek erahildako Joxe Mari Furundarena Begiristain aginagarra omendu dute larunbat honetan bere Aginagako hilerriko hilobian. Bertan ziren besteak beste, Usurbil 1936 elkarteak Usurbilgo Udalarekin batera antolaturiko hitzorduarekiko esker ona adierazi duten senideak. "Esker bereziak Usurbil 1936 elkarteari, posible egin duzuelako garai horretan gertatutakoak gogora ekartzea".

Osaba Joxe Marik familian barruan utzitako arrastoa azaldu du bere ilobetako batek, Mariaje Furundarenak; oroimenean beti bizirik izan dutela. "Ez da egon inoiz ahaztua baina bai hor ezkutuan gordea". Beti presente, baina "ahots isilez, aipatu ezinez, hitzak berak erakarriko balu bezala tamaina handiko minaren bizipena".

Gai tabua
Belaunaldiz belaunaldi transmititzeraino. "Hurrengo belaunaldiko umeak ginela gure jakinmin inozentea asetu nahian galdezka hasten ginen orduko mozten ziguten. Gero ez hain ume ginenean isilarazten gintuzten bi hitz erantzunda eta laster konturatu ginen ezin genuela galdetu ere egin. Gai hori tabua zela, min eta izu handia zegoela gertakizun horren inguruan". Horregatik ez dakite askorik osabari buruz, baina isiltasuna hausteko urratsa eman dute. "Gaur egun oraindik min handia eragiten du baina aipa daiteke gizartean ere orain, duela urte batzuk gaiari tiraka hasi eta han hemenka agertzen joan direlako lekukotza garrantzitsuak". Eta ispilu lana egin diela adierazi du Marijek. "Eskerrak soka horretatik tiraka hasi eta jarraitu duzuenoi".

Omenduaren senideek hitza hartu dute gaurko ekitaldian. Haiena izan da baita Furundarenaren hilobian jarri duten oroigarriaren estalkia kendu eta lore sorta uzteko ohorea. Joxe Mariren gorpua dagoen hilobian. "Gure familiak zorte handia izan zuen gorpua berreskuratu zuelako, beste usurbildarrek ez zuten izan hori ere. Itxaropen bat izan zuten eta izan genuen, justizia. Ez dezagun ahaztu, frontetik aparteko ekintza bat izan zela, krimena, hilketa". Eta krimen horren aurrean isildu beharra. "Anai-arrebak, hurbilekoak, justiziarik ikusi gabe joan ziren eta joango dira. Atseden eta sosegu handia hartuko zuten justizia izan balute, baina ez dute izan. Ordaina isiltasunik zitalena izan da. Horixe daukagu, pena besterik ez".