Usurbil 1936

Memoria historikoa berreskuratzearen garrantzia nabarmendu dute udal ordezkariek

Noaua Aldizkaria 2022ko mar. 19a, 15:08

1936ko gerran faxistek erahildako Joxe Mari Furundarena Begiristain aginagarra omentzeko Aginagako hilerrian larunbat honetan egin duten ekitaldian hitza hartu dutenen artean izan dira, EAJ eta EHBilduko udal ordezkariak.

"Euskadi eta demokraziaren alde bizitza eman zuen"
EAJ-ren kidea zen Joxe Mari Furundarena Begiristain faxistek erahildako aginagarra alderdi kideek, Usurbilgo EAJ-k ere omendu du Usurbil 1936 elkarteak Aginagako hilerrian antolatu duen larunbat honetako oroimen ekitaldian. "Oroitza eta aitormena egin nahi diogu. Bere onenean gerrak betirako eraman zuen. Euskadi eta demokraziaren alde bizitza eman zuen. Orain beraren memoria ekarri nahi dugu gurera, omenaldia eskaini eta besarkada bat eman, beraien ondorengoei eta familiari".

1936ko gerra garaia ekarri du gogora EAJ-ren ordezkari Andoni Atxegak. "EAJ-ren kidea Usurbilgo milizietan mobilizatu zen, gazte honek Euskadiren eta demokraziaren defentsan eman behar izan zuen bere bizitza. Dena eman beharko jako, maita den askatasunari zioen Esteban Urkiaga Lauaxetak. Horixe egin zuen Joxe Mari Furundarenak". Garai hartako Agirre lehendakariaren hitzak gogora ekarri eta hitz haiek adierazitakoa bete zuen aginagarrak, EAJ-ren esanetan. "Ez gaude inor hiltzeko prest, baina prest gaude gure bizitza galtzeko". Bertso bat errezitatu diote omenduari:
Gudari ezagun zure baitan gorrotorik
zure barrenak ez zuen sentitzen odol isurtze gogorik
amak deituta irten zenduan mendi eta ibarretara
amaren bizia zaindu behar egizko semeen erara
agur eta ohore egun handira arte

Memoria, bakearen aliatu
Herriko memoria historikoa berreskuratzeko beste adibide bat izan da larunbat honetan Aginagako hilerrian egin dutena Usurbilgo alkateak Udala ere antolakuntzako parte zuen Aginagako hilerriko ekitaldian adierazi duenez. "Bihur dezagun memoria gizarte kohesiorako elementu eta kolektibitate berri baterako zutarri. Gaur Joxe Mari Furundarena zenaren hilobiaren aurrean lehen urratsak eman ditugulakoan nago". Eta memoriaren aldeko lanketa hau goraipatu du. "Demokrazia eta askatasuna eraikitzen ditu memoriak, eta horrenbestez, memoria ez dela bakearen etsaia, aliatua baizik".

Memoria historikoa berreskuratzeko Usurbil 1936 elkartea Udalarekin bideratzen ari den lanketa txalotu eta miresgarritzat jo du alkateak, "gaurko eta ondorengo belaunaldiek ezagut dezaten gure herriak eta gure aurreko herrikideek pairatutako sufrimendua, bidegabekeria eta mina". Pertsonen memoria baina baita lekuena ere berreskuratzearen garrantzia nabarmendu du alkateak. "Ezinbestekoa da gerraren izen abizenak argitara ematearekin batera, gerraren lekuak ere ezagutzera ematea. Gure herri inguruan, gure eguneroko joan etorrietarako toki diren horietan, gure bide bazterretan, gerrak hil zituen zenbait herritarren memoria lekuak sortzea". 

Mundu osoan baitaude memoria lekuak, eta "toki guztiek dute euren Gernika txikia, baita Usurbilek ere. Eta horregatik da garrantzitsua, toki horiek identifikatzea, ezagutzera ematea eta gerraren ondorioak jasan eta isilarazi zituztenen memoria aitortzeko gune bihurtzea. Hemen hil zituzten toki mingarri hori askatasun demokratikoen defentsarako, bake eta bizikidetzaren balioak transmititzeko eta oroitzapeneko gune bilakatzeko". Memoriarik gabe, "ahanzturaren oroimenerako leku, memoriarako espazio, memoria kontzientzia delako. Memoriarik gabe galduta geundekeelako, eta berriz errepikatzeko bermerik ez genukeelako izango".

Are ezinbestekoagoa da egun memoria historikoaren aldeko berreskuratze lana, Solaberrietaren esanetan, "gerra eta bonba hotsak oso gertu ditugun honetan". Horregatik gaurko ekitaldi hau baliatu nahi izan dute, "Gernikaren eta gerra galdu zutenen seme-alabak garen aldetik gerrarik ez Ukrainan ez inon oihukatzeko".