Aginagako hilerria egunotan itxita

Noaua Aldizkaria 2022ko mar. 28a, 08:17

Husteko lanak tarteko, itxita egongo da egunotan Aginagako hilerria.

Usurbilgo Udalak berri eman duenez, egunotan itxita izango da Aginagako hilerria. "Udal-brigada Aginagako hilerria husten hasi da, eta lanak amaitu bitartean bisitarientzat itxita egongo da; aurreikuspenen arabera, ostiralera arte", zehaztu dute udal iturriek.

Iragan udazkenean heldu zitzaigun hilerri honi lotutako azken albistea. Usurbilgo Udalak ohartarazi zuenez, 20 gorpu ateratzekoak zituzten Aginagako hilerritik, "Osasun Sailak horiek deshobiratzeko baimena eman ostean". Koronabirusak eragindako osasun krisialdia lehertu aurretik abiatu zuten prozedura. "Izatez, covid19aren osasun krisiak eztanda egin aurretik abiatu zuen Udalak Aginagako hilerria husteko ohiko prozedura, leku faltagatik: 10 urtetik gora bertan daramaten gorpuen familiei hilabeteko epea eman zien berreskuratu edo udalaren kargu uzteko". 

Une horretan, "Osasun Sailak gorpu horiek deshobiratzeko baimena jaso" zuen Udalak, eta, "gorpuak erraustu eta errautsen parkean" zabaldu asmo zituzten.