Larunbateko Aginagako kontzertu gaua, atzeratua

Noaua Aldizkaria 2022ko api. 6a, 09:52

Aurrerago zehaztuko dute data berria. Erositako sarrerak egunotan itzuliko dituzte.

Aginagako Eliza Zaharra elkargunea kontzertu gau hainbatekin girotzen ari dira azken aldian. Larunbaterako, apirilak 9, Lamiak eta Rodeo taldeen emanaldiak iragarriak zituzten, gaueko 22:30etan hasita. Hitzordua ordea atzeratzera erabaki du antolakuntzak. "Pena handiz baina Lamiak eta Rodeoren larunbat honetako emanaldia atzeratzea erabaki dugu inguruko emanaldiekin ez bat egiteko", ohartarazi dute Aginagako Eliza Zaharra elkargunetik.

Kontzertua egitekotan geratu dira, baina aurrerago. "Aurrerago jakinaraziko dizuegu stoner rockaz noiz izango dugun gozatzeko aukera gure tenpluan!", iragarri dute. Sarrerak eskuratuak dituztenei zuzenduriko oharra. "Sarrerak automatikoki itzuliko dira, datozen bi egunetan. Dirua jasotzen ez baduzue jarri gurekin kontaktuan", ohartarazi dute.

Kontzertu gauen oholtza
Dagoeneko hiru kontzertu gau ospatu dituzte. Maddi eta Eleneren eta Odolaren Mintzoaren lan berriaren aurkezpen kontzertuak ireki zuen zikloa otsailaren 19an. Iragan hilabetean, Skasti, Martin de Marte, Kaleko Urdangak eta Unidad Alavesa taldeek jo dute Aginagako Eliza Zaharrean, martxoaren 19 eta 26ko kontzertu gauetan hurrenez hurren. Eliza Zaharra kulturgune gisa dinamizatzeko lanetan dihardute.