Apirilaren 29an eta 30ean

Bertsolaritzari eskainitako asteburua Aginagan

"Tabuen kutxatik oholtzara" bertso-saio musikatu solidarioa eta sagastietan barrena egingo den bertso-ibilaldia antolatu dituzte Aginagan apirilaren 29 eta 30erako hurrenez hurren.

Bertsotan igaroko dute Aginagan apirileko azken asteburua. Batetik, "Tabuen kutxatik oholtzara" izeneko bertso-saio musikatu solidarioa antolatu dute apirilaren 29rako. Minbiziaren bueltan dagoen isiltasun eta tabua haustea ardatz hartuko duen hitzorduan parte hartuko dute, Maialen Lujanbio, Ane Labaka, Miren Artetxe eta Eli Pagola bertsolariek eta Ixak Arruti eta Gari Otamendi musikariek. 

Lujanbio bueltan izango da biharamunean Aginagan. Bertso-ibilaldia antolatu baita, iragan udazkenean Txokoalden egin zuten moduan; oraingoan Aginaga goiko sagastietan barrena. Aipatu moduan, Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña bertsolariekin eta Jakoba Errekondoren argibideak bidelagun dituztela.


BERTSOLARITZARI ESKAINITAKO ASTEBURUA AGINAGAN
Apirilak 29, ostirala
19:00 Bertso-saio musikatu solidarioa Aginagako Eliza Zaharrean: "Tabuen kutxatik oholtzara".

Bertsolariak: Maialen Lujanbio, Ane Labaka, Miren Artetxe eta Eli Pagola.
Gai-jartzailea: Amaia Agirre.
Musikariak: Ixak Arruti eta Gari Otamendi.
Zehaztasunak: "Inurri elkartearen eskutik, minbizia modu batera edo bestera jasatea tokatu zaienei laguntzeko eta gizartea sentsibilizatzeko “Tabuen Kutxatik Oholtzara” proiektu solidarioa martxan jarri dugu, gertutik bizitako esperientzien harira.

Gaur egun gizartearen ahotan eta mediatikoki hain ezaguna den gaixotasun honen atzean, orokorrean uste dena baino mundu zabalagoa dagoela ikusarazi nahi dugu, gaixotasunak inposatzen duen isiltasuna hautsiz, mamuak zokoratuz eta tabu diren gaiak azaleratuz. Minbiziari besarkada potolo bat eman nahiko genioke.

Bularreko minbiziari lotutako estereotipoak gainditzeko ekarpen xume bat egin nahi genuke, gure esperientzia, ahotsa eta gorputza plazaratuz; bide batez esanda urteetan ukatu zaion presentzia eta espazioa eskainiz, eta sortzen dituen emozioak azaleraziz; batzutan serio, bestetan umorez, minbizitik biziminera.

Izan zaitez eraldaketaren parte, izan zaitez Iñurri!".

Izen ematea: 10 euro aurrez usurbilkultura.eus plataforman.
Antolatzailea: Eliza Zaharra Elkargunea.



Apirilak 30, larunbata
11:00 Bertso-ibilaldia Aginaga goiko sagastietan zehar, Aginagako plazatik abiatuta.
Zehaztasunak: "Sagardoaren Paisaia Kulturala ezagutzea" helburu duen bertso-ibilaldia Aginaga goiko sagastietan barrena, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio bertsolariekin eta Jakoba Errekondoren argibideekin.
Izen ematea: alkartasuna@usurbil.eus / 943 36 11 14.
Antolatzaileak: Alkartasuna Usurbilgo Baserritarren Kooperatiba, Sagardoaren Unibertsitatea eta Usurbilgo Udala.