Udalbatzarra

Aginagako Elutxen, oinezkoen bidea eta etxebizitza berriak eraikitzeko hitzarmena hasieraz onartua

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 31a, 15:14

Aginagarren aspaldiko eskaerari bide ematen hasia da Usurbilgo Udala. Elutxen oinezkoentzako bidea egokitu eta 27 etxebizitza eraikitzea ahalbidetuko duen hirigintza hitzarmena onartu du hasieraz udalbatzak.

Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako A-90 eremuko, Aginagako Elutx eremuko hirigintza hitzarmenari hasierako onarpena eman zion udalbatzak gehiengo osoz (alde EHBildu eta PSE; EAJ abstentzioa), maiatzaren 26ko osoko bilkuran. Hitzarmen honek, “aginagarren eskaera historikoa” gauzatuko du, Elutx eta Aginagako Kaxkoa oinezko eta txirrinda bide batek lotzea ahalbidetuko du. Eta egungo hirigintza planean aurreikusitakoa aldaraziko du, egungo arauen arabera bertan bi norabideko errepide bat egokitzea aurreikusia baitzegoen. Baina Kale Irekiak prozesuan oinezkoen bidearen beharra aldarrikatu zuten aginagarrek, “oinezko izaera ematea izatea errepide horri”. Hain zuzen, hainbat haur daude eskolara joateko eremu hau zeharkatu behar dutenak eta ez da lotura segurua, N-634 errepide ondotik igaro beharra baitute.

Hitzarmen honek ahalbidetuko du joan-etorri hori seguruagoa izatea. Udalak doan jasoko ditu eremu horretako lurrak, kargarik gabe. Eta bertan, errepideaz gain, 27 etxebizitza eraikiko dira, hiru blokeetan banatuak: lehenengoan babes ofizialeko 11 bizileku altxako dituzte, 8 libre eta 4 tasatu bigarrenean eta beste lau libre hirugarrenean. Berdegune bat ere izango du inguruak. “Aginagarren bizi-kalitatea, mugikortasuna hobetzeko, eta toki atseginak izateko ezinbesteko aukera irekitzen du” hitzarmen honek, udal gobernu taldearen esanetan. Tramitazio prozesuari dagokionean aurreratu dutenez, Origami arkitekto taldea jada exekuzio proiektua lantzen ari da. Proiektua aurten eskuartean izan ostean, “Udalak ahalik eta azkarren esleitu nahi ditu” lanok.