Aginagako jaiak

Txema Pikabea Bereziartua idazle aginagar saritua, San Praixkuetako lehen gonbidatua

Noaua Aldizkaria 2022ko ira. 29a, 09:39

Sortzez aginagarra den idazleak orain arte kaleratu dituen bere argitalpenen inguruko aurkezpena egingo du ostiral honetan, San Praixkuen hasieran; 20:00etan Eliza Zaharrean. Urduri baina pozik dago orain arteko ibilbidea ezagutarazteko jaioterrian izango duen aukeragatik.

Liburua ote zen baina ez. Egilea da Aginagarekin lotura duena.
Txema Pikabea Bereziartua:
Nire sustraiak Aginagan daude, gurasoak bertakoak dira. Baina aldi berean Lasartekoa ere banaiz, jaio eta hiru hilabetera bertara joan ginen bizitzera. Halere, astebururo Urruzmendira joaten ginen, han egoten ginen familia osoa. Horregatik liburuetan jartzea gustuko dut Aginaga-Lasarte, bien parte sentitzen naiz.

Aginagaren izena zure eleberriekin lau haizeetara zabaldu duzu honez gero.
Liburua da zuk nahi duzun hori gertatzea edo ezagutzea jartzeko aukera ematen dizuna. “Gritos”-en pertsonaia batek Oier Aginaga izena du. Hor nahi nuen garrantzia hori eman nahi nion nire sorterriari.

Nola oroitzen duzu haurtzaroko Aginaga?
Erabat aldatu da. Baserria ere bai. Orain dena berritua dute. Etxebizitza da orain. Orduko garaiak oroitzen ditut, nola elkartzen ginen asteburuetan familia osoa, eta piloa ginen. Familiako goxotasun hori dut gogoan, ze harreman polita zegoen denen artean.

Nola aurreikusten duzu Aginagarako itzulera?
Beste hiru aurkezpen egin ditut, bi Donostian, beste bat Errenterian. Argi dago hau izango dela politena, baita ere agian urduriago jartzen nauena. Badakizu senideak eta ezagunak joango direla, beraiek badakite nor zaren. Baina polita da zurea zen zerbait aurkeztea. Ilusioz betea nago. Aurkezlea ere gainera lehengusu bat izango da.

Jatorriaz ari garela, nondik datorkizu idazteko trebetasuna?
Beti gustuko izan dut idaztea, beti izan dut irudimen handia. Egunkari bat idazten dut 1988tik. Istorioak sortu ditut beti buruan baina idatzi berez ez. Behin istorio bat bururatu eta idazten hasi nintzen; hortik sortu zen “Gritos”. Idazten hasi eta erraztasuna nuela jabetu nintzen. Idazten hasi eta pertsonaia eta istorio gehiago etortzen dira. 40 urterekin hasi nintzen, berandu, pena ematen dit. Beti diot idazle arraroa naizela, hasteko edota idazteko moduagatik. Jendea egia esan harritua geratzen da, idazle izateko ez dudalako ezer ikasi.

“Gritos” 2015ean, “Lia” iaz. Loturak egon badaude bi liburuon artean; eroso sentiarazten zaituen literatura generoa.
Idatziko ditudan liburuak halakoak izango direla argi dut; eleberri beltza, thriller-a, psikologia oso gustuko dut. Pertsonen alderdi ilunean sakontzea oso gustuko dut. Gehiegi gustatu ez eta ezkutatzen dugun alderdi ilun hori denok dugula uste dut eta hor murgiltzea nahi izaten dut. Irakurle batzuentzat erakargarria da, beste batzuk diote pertsonaia horiek ez direla existitzen. Baina noski egon badaudela. Liburuen bidez mezu psikologiko asko bidaltzen ditut, alor horretako ikasketak egindakoa bainaiz. Istorio nagusi bat dago; gero istoriotxo batzuk, amaieran denak elkartzen dira. Lotzen zoaz. Beti diodan moduan, liburuetan idatzitako guztia zerbaitegatik da, bere funtsa du. Nire istorioek bira edo ezusteko asko dituzte. Nahiz eta potolo samarrak izan, oso dinamikoak dira eta azkar irakurtzen dira.

Idazteak zer eragin du zugan?
Esperimentatzeko modu bat da, askatasun handia ematen dit. Nire barruko fantasiak atera eta gustatuko litzaidakeen mundua irudikatu ahal dut. Eta gainera, egin duzun zerbaiten aurrean, jendearen oniritzia jasotzea, horrek ez du parekorik. Nire kasuan gainera, dezente ikusi ditut emozionatuak. Halako erantzuna jasotzea izugarria da. Eta gainera sari bat ematen badizute, orduan bai pentsatzen duzu, zerbait ondo egiten ari zarela.

Idazlea bere bakardadean isolatua irudikatzen dugu sarritan, isilpeko lanean. Zure “Lia” bigarren lanagatik saritua izan zinen iaz. Sari honek isiltasun eta isolamendu hori hautsi du ezta?
Ikuspegia erabat aldatzen da, saria irabaztea izugarria izan zen. Aurreneko liburua idatzi nuenean lagun batek argitaratu behar ote nuen galdetu zidan. Berak animatuta argitaratu nuen. Idatzi eta irakurri nahi zuenari fotokopia batzuk ematea zen asmoa. Sariaren ostean, Gipuzkoan hedabide askotan atera naiz, une batean uztea erabaki nuen. Denboratxo bat pasa da, maiatzetik ezer egin gabe.

Nola bizi izan zenuen sariketa?
Sari banaketa iazko irailaren 10ean izan zen, hilabete lehenago deitu zidaten. Oporretan nintzela, finalista nintzela jakinarazteko deitu zidaten. Txantxa ote zen galdetu nien, ezetz esan zidaten. Pixkanaka barneratzen zoaz, baina gero sariketara joan eta han esan zutenean irabazlea “Lia” zela, une batean mahaian geratu nintzen ez dakit nora begira, egia ote zen jakin nahian. Oholtza gainera igo, ez dakizu zer esaten duzun ere... Egia esan bizipen itzela izan zen, gozagarria. Aitortza hau jasotzea izugarria da, ezin da deskribatu. Ez dut inoiz barneratuko.

Bultzada handia izango zen zure idazteko zaletasunari begira?
Orain hirugarrengoarekin nabil, besteekin baino azkarrago noa baina ez saria irabazi dudalako. Sariketaren berri izaterako idazten hasia nintzen, motibatua, gogotsu nengoen. Saria irabazteak noski gehiago motibatzen zaitu. Orain ia egunero idazten dut zerbait.

Oso aurreratua duzu ezta?
Bai baina aurreko bi liburuekin oso argi nuen istorioaren ildoa. Hirugarrengo honekin balantzaka nabil. Ideia batekin hasi nintzen, gero aldatu nuen, orain beste zerbait bururatu zait... Orain arteko guztia begiratu eta aldatu behar dut. 340 orrialde idatzi ditut ordenagailuan, aurreko liburuak baino potoloagoa izango da hau. Hau guztia pixka bat ordenatu eta finkatu arte.... Dena irakurri behar dut, ondo jarri. Bukaera sortzeke dut.  Hirugarrena noizko galdetzen didate, liburu horrekin gustura nagoenean kaleratuko dut.

Berriz irakurri beharra, lan neketsuena ezta?
Bai baina egin beharreko lana da. Oso erraza da ibilbide horretan akatsen bat egotea; atal batean abokatuari izen bat jarri eta hortik 100 orrialde geroago beste izen bat jartzea adibidez. Idazten amaitzean bizpahiru aldiz irakutzen dut baina gero gustuko dut pertsona batzuei uztea beraiek irakur dezaten, guztia koherentzia barruan dagoen ikusi eta ondo ulertzen den, akatsik ez dagoela ziurtatzeko. Azkenean, une bat iristen da zuk perspektiba galtzen duzuna. Irakurtzen duzun bakoitzean esaldi edo parrafo bat aldatzen duzu. Beharrezkoa da norbaiti uztea eta pertsona horrek liburua zerotik irakurtzen hastea. Beste ikuspegi bat izan dezake. Idatzitakoa beste norbaiti uztea gustuko dut, ikuspegi garbia baitu.

Idazlanetatik bizi nahiko zenuke edo hezkuntza munduko zure lanarekin uztartzen segi?
Haurrak hezten urte asko dira. Duela 10-11 urte aurkitu nuen nire gustuko lana eta egia esan gustatuko litzaidake honekin jarraitzea. Baina oso zaila da idazle moduan bizitzea. Halere, behintzat zaletasuna baino gehiago den honekin jarraitzea nahi nuke. Jendeak asko zirikatzen nau edo nire atzetik dabil, noizko hurrengo liburua? Niri motibatu egiten nau horrek. Gustatu bai baina zaila ere, berdin jarraituko beharko dugu.

“Ikerketa falta da”

Komiki bat ere landua duzu; “Aura” izenekoa.
Epilepsia dut. Elkartean nengoenean, idaztera animatu nintzen, gaiari buruzko informazio gutxi baitago. Bi neuronen arteko elkarrizketa bat zen, batek epilepsia du besteak ez, zer den azaltzen hasten zaio. Nahiko polita geratu zen, batzordera eraman nuen. Neurologo batengana eraman genuen zuzentzera. Egun eskoletan, anbulatorioetan eta elkartearen ekitaldietan banatzen dute. Komikian komentatzen da krisialdi batean zer egin behar den eta batez ere zer ez den egin behar, ideia oker asko baitago. Epilepsiaz askorik ez dakigu, baina edonork izan dezake. Nik adibidez, lehen krisia 22 urterekin izan nuen.

Zer da zehazki?
Bi neuronen arteko talka bat eta horrek deskarga elektriko bat sortzen du. Konortea gal dezakezu edo krisialdi batean munduarekiko deskonektatu, gauza arraroak egin eta gero ezertaz gogoratu ez. Nik kontrolatua dut, baina beste askok ez. Ikerketa falta da. Buruan ebakuntza egin liteke baina paralisiren bat izateko arriskua egoten da. Psikologikoki zaila da kudeatzea, kontrolatzen ez badizute. Dena baldintzatzen baitu; ezin duzu edan, gidatu, zenbait lanetan ere ezin duzu jardun edota ezin zara bakarrik ibili kalean. Epilepsia motaren arabera, ezagutzen ditut batzuk lur jota daudenak. Elkartean denetarik ikusten da. Ulergarria da, zure bizitza erabat aldatzen du. Dependientean bilakatzen zara.