Aginagako jaiak

Aginagako Jai Batzordea: "Garai berri baten aurrean gaude"

Noaua Aldizkaria 2022ko ira. 29a, 10:29

Aginagako jaiak ate joka ditugu. Ostiralean hasiko dira aurtengo San Praixku jaiak eta Jai Batzordekoek dena prest dute Aginaga musika eta ekitaldiz betetzeko. Antolaketan aritu direnekin izan da NOAUA! aurtengo egitarauaren nondik-norakoak ezagutzeko.

NOAUA! Pandemia garai batetik gatoz. Jai Batzorde askotan eragina izan du horrek. Zuen kasuan, nola dago Jai Batzordea?
Aginagako Jai Batzordea: Esango nuke pandemia aurretik izan genuela indartze bat. Kontuan hartu behar da Eliza Zaharrean proiektu bat martxan geneukala eta Jai Batzordean gauden asko horretan ere aritu garela. Jai Batzordean transmisio bat ematen ari gara, eta zaharrenak eta ibilbide luzeena egin duten horiek aldentzen ari dira. Elkartearen izena aldatzen hasi gara juridikoki eta gauzak nola egin eta bestelako informazioa partekatzen ari gara. Aurten jende berria ere agertu da, gazteagoak edo hona bizitzera etorri direnak. Horren lotuta ez zeuden horietako asko erakarri ditugu azken bileretara. Indartsu gaude, baina arraroak izan dira azken hilabeteok. Jaiei nola heldu, jendea etorriko ote den... Baditugu gure kezkak, baina garai berri baten aurrean gaude eta ondo gaudela esango nuke.

Gazteak badatoz erreleboa hartzeko edo nolako etorkizuna ikusten duzue?
Bai, nabari da. Saiatzen gara gaztetxo eta haurrek ere jaietako egitarauan lekua izaten. Adin nagusikoekin ere berdin saiatzen gara, eta polita da ikustea gustura hartzen dutela. Errelebo lan hori modu naturalean izatea nahi dugu, haiek ere nolabait beti kide izan direla sentitzen edo. Lotsa askorik ez dute gainera, eta hasi dira batzuk pixkanaka hurbiltzen.

 

“Jaietan jendea laguntzeko prest izaten da”
NOAUA! Jaiak antolatzerakoan bakarrik aritu zarete edo auzoko eragileak ere tartean izan al dira?
Aginagako Jai Batzordea: Usurbilgo gazte asko prest agertzen da urtero laguntzeko txosnan edo herri bazkaria zerbitzatzen. Guraso taldetxo bat ere beti izaten da laguntzeko prest guk atseden hartu ahal izateko. Jai Batzordetik kanpo dagoen jendea orokorrean laguntzeko prest izaten da eta Usurbildik ere laguntza izaten dugu.

Aurtengo jaiak irailaren 30ean hasi eta urriaren 8an amaituko dira. Lehen egunerako San Praixkuetako argazki erakusketa aurreikusi duzue. Noren argazkiak dira?
Azken urte hauetan garrantzia eman diogu jaietako irudiak izateari eta argazkilari askorekin izan gara harremanetan hori lortzeko. Ez soilik irudi politak izateagatik, baizik eta urte hauetan egin diren ekitaldiak eta jaiek eman dutena gordeta uzteagatik. Emaitzak oso onak izan dira eta gerora ere erabilgarriak. Beraz, erakusketa bat jarriko dugu lan horiek erakusteko. Herriko eta inguruko argazkilari askoren lanaren emaitza da, ez soilik argazkilari batena.

Umeen Egunean haur bazkaria izango da frontoi txikian.
Guraso talde batek antolatzen du ekitaldi hori. Eliza Zaharrean egin izan da azken urteetan edo kanpoan karpan, eta behin edo behin elkartean ere egin izan da. Goizean jolasak izaten dira eta horri jarraipena emateko modu bat da bazkariarena. Eskolako ume asko hurbiltzen da eta orokorrean herrian bizi direnak ere etortzen dira.

 

“Herri afarian frontoia ia beteta egoten da”
NOAUA! Azken egunerako belaunaldi oso batek aski ezaguna izango duen Txan magoa. Haurrentzat edo helduagoentzat izango da?
Aginagako Jai Batzordea: Uste nuen gure umetako magoa baino ez zela, baina oraindik ere magia erakustaldiak egiten ibiltzen da. Magia saio asko izan ditugu Aginagan, nik uste denoi gustatzen zaizkigula eta denok txundituta geratzen garela. Haur zein heldu. Erakustaldiak ez du publiko jakinik, edonorentzat egokia izan daiteke. Aukera ikusi genuen hura ekarri ahal izateko eta Aginagan izango da. Bazkari eta afarietako izen ematea itxi dago jada, baina asteartean jubilatuen hamaiketakoa izango da Aginaga Sagardotegian. Sagardotegiko goiko pisuan elkartzen gara normalean eta hamaiketatxo baten bueltan bertso-saioa izaten dugu.

Bazkari eta afari eta hamaiketakoak nahiko jendetsuak izan ohi dira, ezta?
Herri afaria nahiko jendetsua izan ohi da. Frontoia ia beteta egoten da. Gazte Eguneko bazkarian jende gutxiago izaten da normalean, Jai Batzordeko kideok, batez ere, eta gutxi gehiago. 

Aginagako jaietan bertakoez gain, usurbildarrak eta inguruko kostaldeko herrietakoak izaten dira. Aurten ere hala izatea espero duzue?
Kostaldeko herrietan jaietako kartelak pegatu ditugu. Zumaia, 
Zarautz eta Orion jada jarrita daude. Erronka badugu, urriaren 8an Donostian jaialdi bat izango baita. Guk gaualderako jaia prestatu dugu egun horretarako kontzertu aukera zabalarekin. Orduan, agian egunez Donostian ibiliko da jendea eta gero Aginagara etorriko da. Ez dakigu. Tolosaldetik jendea etorri ohi da eta Gipuzkoako kostatik jendetza hurbiltzen da. Aurten, uste dugu lehenengo asteburuan ere jendea mugituko dela proposatu ditugun taldeak nahiko ezagunak baitira. Andoni Ollokiegi bigarren asteburuan izango dugu, azken egun horretan, eta hark aitortu zigun Donostiara joan behar duela gauean, baina aurretik “oso bolo garrantzitsua” zuela esan ziela Donostiakoei eta beranduago joango zela. Ondo ezaguna dugu Andoni hemen eta harreman estua dugu berarekin.