Aginagako jaiak

"Herriari eskaini nahi diogu pregoi hau"

Noaua Aldizkaria 2022ko ira. 30a, 21:13

Herriari eskainitako ekitaldiarekin abiatu berri dituzte Aginagan, urriaren 8ra arte luzatuko diren San Praixkuak.

Txupinazoa jaurtitzeko minutu gutxi falta zirela euria gogotik botatzen hasi eta hitzordua egokitu beharra izan du Jai Batzordeak. Ezin ohi bezala, plazako balkoitik ospatu San Praixkuen hasiera ekitaldia. Aterpe bila hasi eta segituan aurkitu dute bat; aurtengo festetako eremu berria izango dena. Eliza Zaharraren alboko frontoi txikia estali eta txosna gune gisa egokitu dute aginagarrek. Hantxe plazaratu dute albiste honetan segidan datorkizuen festetako pregoia, bi urteko etenaldiaren ostean, ohiko formatua berreskuratu duten honetan, aginagarrei eskainia. "Oraingoan, ez dugu izen-abizenik aipatuko, izan ere herriari eskaini nahi diogu pregoi hau. Hemen bildu garen eta etorri ezin izan duten guztiei. Agiña bizi dugun osotasunari". 

Minutuko isilunea eskaini diete azken urtean jaio eta hil direnei. Eta San Praixkuez gozatzeko gonbita luzatu dute. "Jai parekide, osasuntsu, arduratsu eta parte-hartzaileen alde, gora Agiña eta agiñarrak! Gora San Praixkuak!". 

Jaiak abiarazi berritan, Eliza Zahar eraberrituko txosna ireki, itzuli berri diren lehen topa egin eta aurreko edizioetako hainbat une biziberritzeko aukera izan dute proiektatzen aritu diren argazkien bidez. Txikienek ezusteko ederra hartu dute bestalde, buruhandiak irten direnean. San Praixkuetako lehen kalejira.

JAI BATZORDEAREN ADIERAZPENA
Aurten ere konturatzerako, heldu dira Agiñako San Praixkuak!
Askotan esan izan dugu, herriko festak, egunerokotasunaren islada direla. Bizi dugun herri honen eta gu geronen ispilu bat, alegia. Haur, gazte eta helduen topaguneak indartu nahi ditugu, elkarrekin guztiok gozatuko dugun orainaldi bat eraikiz.

Aurtengoan, omenaldi xumeagoa dugu, baina ez du garrantzia gutxiagorik horregatik. Oraingoan, ez dugu izen-abizenik aipatuko, izan ere herriari eskaini nahi diogu pregoi hau. Hemen bildu garen eta etorri ezin izan duten guztiei. Agiña bizi dugun osotasunari. Izan ere, garai zailenetan ere, elkar zaindu eta babesteko dugun indarraz jabetu gara. Eta etorkizuna eraikitzen jarraitzeko indarra soberan dugula sentitzen dugunez, horri heldu nahi diogu gogor.

Eliza Zaharra berritzea ez da lan makala izan. Prozesua bera aberatsa izan da eta zer hobeturik baduen arren, lanik zailenak eginak ditugula esan dezakegu. Hemen ageri da gure bihotza, eta parte hartu duzuen guztiei, eskerrak besterik ezin dizkizuegu eman. Egunerokotasunean, elkargune hau txikienek eta gurasoek baliatu eta zaintzen dutela ikusi dezakegu, eta guretzat horixe da saririk ederrena. Herria bizirik sentitzea, herriaren hutsuneak betetzea. Eta baita honi jarraipena ematea ere. Izan ere, zer izango da etorkizunaz? Agiñak egun oparoak bizi izan ditu eta festa eta egun politak ditugu aurretik, baina horren atzetik zer? Aurrera begiratzeko unea ez ote da heldu?

Urte hasieran, herritar talde bat elkartzen hasi ginen helburu horrekin, eta zuekin batera, hurrengo erronkari heltzeko gogoz gaude. Tartean gaude Guraso Elkartea, Antxomolantxa eta Eliza Zaharra Elkarguneko kideak, eta taldean eta kolektiboki dugun indarra benetan baliatzeko momentua heldu dela uste dugu. Horretarako, prozesu parte hartzaile bat abiatu nahi da Agiñan. Denboran iraungo duen proiektu herritar bati forma emanaz, talde sendo eta iraunkor bat osatuz. Honi lotuta, Gipuzkoako Foru Aldundiak diru-laguntza bat eman digu eta martxan hasteko moduan gaude.

Lehenik eta behin, herri inkesta bat zabalduko dugu, eta hau betetzeko zuen beharra dugu. Herria hobekien herritarrok ezagutzen dugunez, zuen iritzia ezagutu nahi dugu. Agiña nola bizi dugun, zein hutsune dituen eta zer sortzeko beharra dugun identifikatzeko asmoa baitugu. Esaguzue nola bizi nahi duzuen eskola, plaza, ibaia, erribera eta mendia. Zein zerbitzu hobetzeko beharra dugun, edota zeinen beharra genukeen. Herri bizi bat izaten jarraitu nahi dugu denboran, eta horretarako eman beharrezko pausoak emateko prest gaude. Beraz, ez zaitezte beldurtu zuen etxera ate joka gerturatzen bagara. Asko jota, kafe bat eta galdera batzuk erantzuteko besterik ez dizuegu eskatuko. Adi ibili.

Bestalde, ez genituzke ahaztu nahi urte honetan jaio diren herritarrak, eta ezta utzi gaituztenak ere. Beraiek gogoan ditugula adierazteko, minutu bateko isilunea egingo da amaitu aurretik.

Goza ditzagun San Praixkuak. Hemen baitatoz, herritik eta herriarentzat sortutako festak! Eraiki ditzagun harreman sanoak, elika dezagun etorkizuna, zaindu dezagun elkar eta zaindu ditzagun gure bazterrak! Jai parekide, osasuntsu, arduratsu eta parte-hartzaileen alde, gora Agiña eta agiñarrak! Gora San Praixkuak!