Aginagako jaiak

"Prozesu parte hartzaile bat abiatu nahi da Agiñan"

Noaua Aldizkaria 2022ko ira. 30a, 21:00

Hala iragarri du Jai Batzordeak San Praixkuen hasiera ekitaldian. Aginagaz aginagarrek duten ikuspegia biltzeko herri inkesta bat osatzekoak dira lehenik.

"Zer izango da etorkizunaz? Agiñak egun oparoak bizi izan ditu eta festa eta egun politak ditugu aurretik, baina horren atzetik zer? Aurrera begiratzeko unea ez ote da heldu?". Ba antza bai, Aginagako Jai Batzordeak, ostiral honetako San Praixkuen hasiera ekitaldian iragarri duenez. Herriaren etorkizuna marraztuko duen "prozesu parte hartzaile bat abiatu nahi da Agiñan", berri eman dute. 

Denboran luzatuko den egitasmoa dela zehaztu dute. Urte hasieratik biltzen hasiak direla tokiko zenbait herri eragileetako ordezkaritza talde bat; San Praixku Guraso Elkartekoak, Antxomolantxa elkartekoak eta Eliza Zaharra Elkarguneko kideak. "Taldean eta kolektiboki dugun indarra benetan baliatzeko momentua heldu dela uste dugu", adierazi dute.

Gipuzkoako Foru Aldunditik jaso duten diru-laguntzarekin, eman asmo duten lehen urratsa, etxekoek Aginagaz duten ikuspegia jasotzeko herri inkesta bat osatzea izango da. Eta noski, inkesta hau osatzeko aginagarren beharra dutela adierazi dute. "Herria hobekien herritarrok ezagutzen dugunez, zuen iritzia ezagutu nahi dugu". Zehazki jakin nahi duguna da, Agiña nola bizi dugun, zein hutsune dituen eta zer sortzeko beharra dugun identifikatzeko asmoa baitugu. Esaguzue nola bizi nahi duzuen eskola, plaza, ibaia, erribera eta mendia. Zein zerbitzu hobetzeko beharra dugun, edota zeinen beharra genukeen", Jai Batzordetik adierazi dutenez.

Modu honetan, "denboran iraungo duen proiektu herritar bat" gorpuzten joan nahi dute, "talde sendo eta iraunkor bat osatuz". 

Eliza Zahar berritua
Honakoa ez litzateke, Aginagan abian jartzen duten halako lehen prozesua izango. Eliza Zahar eraberritua dugu horren adibide argiena. Auzolanean berritu dute urteotan. "Eliza Zaharra berritzea ez da lan makala izan. Prozesua bera aberatsa izan da eta zer hobeturik baduen arren, lanik zailenak eginak ditugula esan dezakegu. Hemen ageri da gure bihotza, eta parte hartu duzuen guztiei, eskerrak besterik ezin dizkizuegu eman". adierazi dute jaien hasieran.