Aginagako jaiak

Dastatuz eta bertso doinuen erritmora hasi dute San Praixku Eguna

Noaua Aldizkaria 2022ko urr. 4a, 13:27

Aginaga Sagardotegiak sukaldatu eta Jai Batzordeak zerbitzaturiko hamaiketako goxoa dastatuz ekin diete San Praixku Egun honen ospakizunei.

Urriak 4, San Praixku Eguna, Aginagan jai gaur! Ospakizun egun handi hau dastatzen hasiak dira jada. Ikusi bestela, Aginaga Sagardotegian bildu berri ditugun irudiok. Hamaiketako goxo askoaren bueltan bildu dira inguruotako hainbat herrikide. Baten baino gehiagoren ahotan, aspaldiko hitzordu jendetsuena izan da. Sagardotegiak sukaldatu eta Jai Batzordeak zerbitzaturiko otordua Agin Laburu eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek girotu dute; hamaiketakoa berari edota Aginagari bertso ederrak bota dizkiote. 

Giro ezin ederragoa, batentzat baino gehiagorentzat aspaldiko lagunak agurtu eta haiekin San Praixku Egun handi hau ospatzea ahalbidetu dien hitzorduan. Urriaren 4ko ospakizunok hasi baino ez dituzte egin Aginagan. Adi, ikuskizun paregabea eskainiko baitute etxekoek arratsaldean. Aginagarrak aginagarrekin lehian, nor baino nor herri kiroletan nagusitzeko gogoz plazaratuko dira. 

AGINAGAKO JAIAK
Urriak 4, asteartea: San Praixku Eguna
18:00 Herri kirolak frontoian, herritarren arteko erronka!
19:30 Sardina eta Sagardo banaketa trikitilariz alaitua.
Bitartean, XXXVIII. Toka Txapelketa herrikoia eta buruhandi bizkor-bizkorrak!

Urriak 7, ostirala: Ume eta Gazteen Eguna
10:00 Umeen jolasen hasiera.
13:00 Umeen bazkari goxo-goxoa frontoi txikian.
16:00 Puzgarriak.
17:30 Txokolate banaketa eta buruhandi gaizto-gaiztoak!
19:00 Tortilla patata txapelketa.
21:00 Gazte afaria Aginaga Sagardotegian. Sarrerak Arraten izango dira eskuragarri eta sare sozial bidez eskatutakoak gordeko dira. Urriaren 1era arte izango da izena emateko aukera.
23:00 Txosna irekiera.
23:30 Kontzertuak Eliza Zaharrean: Ameba eta Rodeo.

Urriak 8, larunbata: Gaupasa Eguna
17:00 Txan Magoa.
18:00 Txosna irekiera.
18:00 Andoni Ollokiegi.
Ondoren, poteo girotua.
00:00 Kontzertuak frontoian: Gozategi, Fan & Go.
03:30 Dj Bull Eliza Zaharrean, goizaldera arte.
08:00 Errefus bilketa.

Antolatzailea: Aginagako Jai Batzordea.