Aginagako jaiak

Bapo egin dute sagardo eta sardin dastatzean

Noaua Aldizkaria 2022ko urr. 5a, 09:32

Herri-kirolen desafioaren ondotik indarberritzeko askari ezin ederragoa dastatu zuten San Praixku Eguna ospatzen ari ziren Aginagan. Bapo jan eta edan, eta jokorako tartea ere hartu zuten toka txapelketan.

San Praixku Eguna hasi bezala borobildu zuten Aginagan; bapo jan eta edanez. Goizean, Aginaga Sagardotegian zerbitzatu zuten hamaiketako goxoarekin, iluntzean Ariztitxo frontoi alboan sukaldaturiko sardinekin eta dastagai jarri zuten sagardoarekin. Sabela ederki pozteko aukera izan zuten, aginagarren arteko herri-kirolen desafioa ikustera joandakoek.

Jan eta edan, eta jokoan aritu ziren baita hantxe bertan izen-emateko postura hurbildu zirenek. Belaunaldi ezberdinetako aginagarrak erakarri zituen XXXVIII. Toka Txapelketa herrikoia ospatu zuten. Eta buruhandiak ere kalean gora eta behera ikusi genituen.

Buruhandiok hain zuzen, bueltan izango dira datozen egunotan. San Praixku Egunaren ondotik bi eguneko atsedenaldia izango dute jaiek Aginagan. Indarberrituta itzuliko dira ostiralean, Umeen eta Gazteen Egunarekin.

AGINAGAKO JAIAK
Urriak 7, ostirala: Ume eta Gazteen Eguna
10:00 Umeen jolasen hasiera.
13:00 Umeen bazkari goxo-goxoa frontoi txikian.
16:00 Puzgarriak.
17:30 Txokolate banaketa eta buruhandi gaizto-gaiztoak!
19:00 Tortilla patata txapelketa.
21:00 Gazte afaria Aginaga Sagardotegian. Sarrerak Arraten izango dira eskuragarri eta sare sozial bidez eskatutakoak gordeko dira. Urriaren 1era arte izango da izena emateko aukera.
23:00 Txosna irekiera.
23:30 Kontzertuak Eliza Zaharrean: Ameba eta Rodeo.

Urriak 8, larunbata: Gaupasa Eguna
17:00 Txan Magoa.
18:00 Txosna irekiera.
18:00 Andoni Ollokiegi.
Ondoren, poteo girotua.
00:00 Kontzertuak frontoian: Gozategi, Fan & Go.
03:30 Dj Bull Eliza Zaharrean, goizaldera arte.
08:00 Errefus bilketa.

Antolatzailea: Aginagako Jai Batzordea.