Kalakan astebete barru Aginagan

Noaua Aldizkaria 2022ko urr. 29a, 09:54

Aginagako Eliza Zaharra Elkargunearen eskutik, Kalakan taldearen kontzertua azaroaren 5ean. Sarrerak usurbilkultura.eus atarian eskura ditzakezue.

"Talde bat. Hizkuntza bat. Musika bat". Hitzokin aurkezten du bere burua, garaiotan aurkezpen gutxi behar duen Kalakan musika talde ezagunak. "Eszenaratze soil batean, Kalakaken entzuleak eta musikariak biltzen ditu, musikak emaiten dituen sentsazioen inguruan. Iraganaz harro eta errespetuz beteak, etorkizunari osoki zuzenduak, haien kultura milenarioaren modernitatea orainean idaztea dute helburu".

Iragan urrunetik hasita, "XVgarren mendetik gaur egunerainoko kantuak eskaintzen dituzte, haien konposizioei leku utziz ere. Hori dena "bibrazioan", "emozioan" eta "energian" ezartzeko haien ahotsak eta perkusioak erabiltzen dituzte, mendeetan "garaikideak" izan diren eta izen esoterikoak dituzten hainbat instrumentu tradizionalekin batera: txalaparta, txirula, tobera, pandero, xilintx... gaurko soinu elektroniko indartsuez apaindurik".

"Artizar" lan berriena
Datozen asteotarako lotuak dituen kontzertuetan, Frantzian barrena ibiliko dira, Bordelen edota Marseillan, Belgikara ere joatekoak dira. Aurretik ordea, datorren asteburuan lehenbizi Bilbon joko dute eta azaroaren 5ean geldialdia egingo dute Aginagan, bertako Eliza Zaharrean. Gaueko 22:00etan hasita Kalakan! Emanaldirako sarrerak 10 eurotan eskura ditzakezue aurrez usurbilkultura.eus plataforman.

Taldeak bere zortzigarren lana iaz kaleratu zuen, "Artizar" izenekoa. Hirukote hau igo ohi da oholtza gainera; Jamixel Bereau (ahotsa, danborra, kanpaiak, panderoa, teklatua), Xan Errotabehere (ahotsa, alboka, xirula, teklatua) eta Bixente Etxegarai (ahotsa, bonboa, tronboia, teklatua). Bereau da taldeak bere lehen diska 2010ean kaleratu zuenetik Kalakan-en segitzen duen kide bakarra.

Pailazoen emanaldia
Perli eta Koxkolo pailazoek “Bidaia liluragarri bat” proposatuko diete Aginagako Eliza Zaharrera bertaratzen diren guztiei. Antxomolantxa elkarteak antolatu du larunbat arratsalde honetako ekitaldia eta 17:30ean hasiko da.