Zortzi hamarkadei gorazarre

Noaua Aldizkaria 2022ko aza. 20a, 15:22

80 urte bete dituztenak omentzeko bazkaria ospatu du gaur Arrate elkarteak Aginaga sagardotegian.

Zortzi hamarkada alajaina! Eta begira, sasoi ederrean gainera. 80 urte betetzen dituztenak omendu ohi ditu hamabi hilabetero Arrate Aginagako jubilatu eta pentsiodunen elkarteak. 2022. urteari dagokion ospakizuna igande honetan bertan egin dute Aginaga sagardotegian. Bertan zen zortzi hamarkada bete dituen herrikidetako bat; Maria Jesus Arrospide. Senide eta lagunez inguratua bazkaldu du, Arrateko ordezkarien eskutik merezitako lore-sorta eta oroigarria jaso ostean.

Bada aurten Arratek omendu nahi izan duen bigarren lagun bat ere; Isabel Gutierrez. Baina ez du bertan egoterik izan, Asturiasen bizi baita.

Kantuan irtengo dira
Arrate elkarteko ordezkariek Aginaga sagardotegian antolaturiko bazkarian iragarri digutenez, osasun krisialdiak aurreko bi urteetan eragotzi ostean, gabon kantak abesteko irteera berreskuratuko dute aurtengoan. Inguruotako jira luzeena egin ohi dute, Kaxkoko bizilekuak nahiz landa-eremukoak zeharkatzen baitituzte abenduaren 24a heltzen denean.

Aipatu moduan, beraz, ohitura zaharra berreskuratuko dute aurten. Datorren abenduaren 24an, goizeko 9:00etan Aginagako eliza paretik abiatuko dira kantuan eta bira berezi honetan adin guztietako herrikideak bildu nahi dituzte. Guztiei parte hartzeko gonbita luzatu diete.

Kantu-jira honek aukera ematen die urtean zehar gutxitan ikusi ohi dituzten bizilagunak agurtu eta elkarrekin egoteko.